Iñigo eta Fermin Muguruza AEK-ko beteranoak bilakatu zirenekoa
Kortatuk 1985ean kaleratu zuen bere lehen diskoa, Kortatu. Gaztelania hutsean landutako diskoa izan zen, bi abesti kenduta: Sarri Sarri eta Zu atrapatu arte. Fermin eta Iñigo Muguruza letragileek euskaraz ez zekitenez, bi kantak euskaratzeko laguntza jaso zuten urte hartako uztailean Irunen jasotzen ari ziren eskola intentsiboetako irakasleengandik. Dena «oso berezia» izan zela du gogoan Fermin Muguruzak, urte hartako uztailaren 7an Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Martuteneko espetxetik ihes egin zutelako.
Kortaturi uda hartan egin zizkioten elkarrizketetan haien «intentzioa eta hautua» euskaraz abestea zela iragarri zuten. Baina, horretarako, euskara ikasi behar eta ezin, Kortaturekin kontzertu pila bat ematen ari zirelako. 1986. urtea ailegatu, eta uztail horretan ere klase intentsiboetan aritu ziren. «Baina, klaro, urtean zehar ez genuen ezer egiten, taldeagatik ez zegoen gelditzeko modurik», gogoratu du Fermin Muguruzak. Orduan, 1987an Gazteluko barnetegira joatea erabaki zuten Iñigo eta Fermin anaiek.
Hilabete bat pasa zuten han, eta irakasleei azaldu zieten hurrengo diskoaren A aldea euskaraz izango zela. Irakasle «interesgarri eta euskarazale amorratuak» zituztela azaldu du Muguruzak, eta haiek erantzun zietela: «Baina, zer dela-eta alde bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz? Egin dena euskaraz!». Anaiek arrazoia eman zieten irakasleei, eta 1987ko azaroa, abendua eta 1988ko urtarrila eta otsaila Tolosako barnetegian pasa zituzten. «Lau hilabete horietan bilakatu ginen AEK-ko beteranoak».
Euskara barneratzen
Tolosako barnetegian Kolpez kolpe diskoko kantuak prestatzen ari zirela, Muguruzari okurritu zitzaion ikasten ari ziren atsotitzak AEK-ko beteranoak abestian sartzea. Beraien bizipen pertsonalak eta hainbat pasadizo ere jaso zituzten letra horietan, esate baterako, aste osoa Tolosan igaro ondoren, Moskuko Aranaztarra tabernara joaten zirela ostiraletan, eta bertako jabe Bixenterekin egoten zirela: abestiaren lehen esaldia da Kaixo Bixente! Hementxe gaude, zu jarrita eta ni tente.
Muguruzak azaldu du «txorakeriak» zirela letraren zati asko, baina euskara praktikatzeko baliagarriak zirela adierazi du. Garai haiek «oso politak» izan zirela du gogoan musikari eta zinema zuzendariak, «gure lagunak ere aldi berean ikasten ari zirelako euskaraz». Gero, 1992an, Oskorriren 13 diskoko Euskaldun berriaren baladak kantuarekin AEK-ko beteranoak abestiari segida eman zitzaiola azaldu du harro Fermin Muguruzak. Ziur, egunotan maiz entzuten dela abesti hori Irunen.