Udan "dibertitzeko eta elkartzeko" udaleku irekiak
Uda Jolas eta Uda Abentura programetan parte hartzeko izen ematea larunbatean zabalduko da. Uda Jolasen 60 plaza gehiago eskainiko dituzte.
Hilaren 16an zabalduko da Uda Jolas eta Uda Abenturan aurrez izena emateko epea. Bi jarduera horiek udaleko gazteria sailak antolatzen ditu. 5 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat euskaraz “dibertitzeko eta elkartzeko” gune bat eskaintzen dute biek ala biek.
Iaz eskaintza handia jaso zutela azaldu du Lupe Queiruga Gazteria zinegotziak, eta ondorioz, hainbat haur programatik kanpo geratu zirela. Aurten haur guztiei parte hartzeko aukera bermatzeko eta iazkoa ekiditeko azterketa prozesu bat hasi zuten: “ikusteko nola lor genezakeen aurten plazen kopurua handitzea eskaera posible guztiei erantzuteko”. Azterketaren ondoren Uda Jolas programan eskainitako plaza kopurua 220tik 280ra handitzea lortu badute ere neurriak ez dituela guztiz asebetetzen aitortu du Queirugak. Izan ere, Uda Abentura programan plaza berberak eskaintzen jarraituko dute, 100 guztira.
Bi programa horiek enpresa esleipedun baten bidez eskaintzen ditu udalak. Zerbitzua 2023an esleitu zen, hiru urterako, eta urtebete luzatzeko aukerarekin. Pleguetan bertan zehazten zen programa bakoitzean zenbat plaza eskainiko ziren. “Baina ezartzen da kontratua indarrean dagoen bitartean eta benetako premiak hasieran aurreikusitakoak baino handiagoak badira, kontratua aldatu ahal izango dela, hasierako prezioaren %20ra arte, gehienez”. Hala, Uda Jolas programan 60 plaza gehiago eskaintzeko aukera izan dute.
Uda Jolas programa 2013tik 2019ra (5-11 urte) bitarte jaiotako haurrei bideratuta dago. Txanda bakarra eskainiko dute, uztailaren 1etik 30era. Inskkribatzerakoan 280 inskripzio baino gehiago jasoz gero zozketa bidez esleituko dira plazak. Programa honetan, gainera, “kontziliazioa errazteko helburuarekin” bizikidetza unitate bereko haurrek taldean izena eman ahal izango dute hala nahi badute. Ordutegia astelehenetik ostiralera 09:30etatik 13:00etara izango da, Talaia LHIn eta Biteri eraikinetan. Kuota 80 eurokoa izango da eta bigarren haurrarentzat 70 eurokoa. Informazio gehiago udalaren webgunean aurki daiteke.
Uda Abentura programa, berriz, 12 eta 14 urte bitarteko gazteei bideratuta dago, 2010etik 2012ra jaiotakoei hain zuzen. Bi txanda eskainiko dituzte. Lehena, uztailaren 1etik 12ra eta bigarrena, uztailaren 15etik 30era. Txanda bakoitzean 50 gaztek parte hartuko dute. Ekintzak goizez zein arratsaldez izango dira eta kuota 140 eurokoa izango da. Izen ematea internet bidez edo Gazteen Zerbitzuan (Javier Ugarte kalea 6, behea) egin ahal izango da, astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.
Amaitzeko, UEMAren kide gosa ‘Salto!’ udaleku ibiltarian parte hartzeko aukera dagoela gogorarazi du Queirugak. Hilaren 31era arte egongo da izen ematea zabalik. Informazioa Gazteen Zerbitzuan topa daiteke.