Osasun Sailak Bidasoa "zigortuta" duela salatu du Osasun Bidasoak
2024ko aurrekontuetan ez dute zerbitzua hobetzeko inbertsiorik esku artean. Bestalde, Erdialdeko anbulatorioko larrialdi zerbitzuetako zortzi txanda medikurik gabe egin direla salatu dute. Gaineratu dute itxaron zerrendak luzatzen segitzen dutela.
Agerraldia egin du gaur Osasun Bidasoa plataformak, urrian eskualde osoan mobilizazioan egin ondoren. Orduko mobilizazioetatik Bidasoko osasun arretak ez duela hobera egin baloratu dute, “etengabe egin du okerrera”, hain zuzen ere.
Hartara, mobilizazioak deitu dituzte martxotik apirilera. Lehena, ostegun honetan Korrika pasa bitartean Erdiguneko anbulatorioan. Azkena, berriz, manifestazioa izango da apirilaren 13an San Juan plazatik abiatuta. [Egutegia, bukaeran]
Euskal Herriko beste osasun zerbitzuetan gertatu bezala, adibidez, Errenteria-Oreretako Iztietako anbulatorioan, Bidasoan ere larrialdi zerbitzuetako txanda batzuk medikurik gabe izaten ari dira. Gutxienez, zortzi txanda egon dira medikurik gabe Erdiguneko anbulatorioan, bai, ordea, erizainekin edota administrariekin. Txanda horien gehiengoak gaueko txandak izan dira baina horietako bat egun osokoa izan zen.
Arazoa da, erizainek ez dutela legez eskumenik paziente bat medikalizatzeko eta larrialdi egoera baten aurrean “arriskutsua” izan daitekeela ohartarazi dute. Gainera, anbulatorioko larrialdi zerbitzuetan, ospitalera eraman beharreko kasuren bat baldin badago eta momentu horretan medikurik ez balego, “arazo larria” izan daiteke. “Normalizatzen ari da larrialdietan medikurik ez egotea eta hau gelditzea eskatzen dugu”. Anbulatorioko larrialdi zerbitzuetan medikurik ez egoteak, ospitaleko larrialdi zerbitzuaren gainkarga dakarrela ere ohartarazi dute.
Ospitalea
Ospitalean zerbitzu batzuekin beste batzuekin baino arazo gehiago dagoela azaldu dute. Urologian urologorik gabeko egunak daude, edota urologo bakarra dagoena, hau da, ez dago urologia zerbitzurik antolatuta. “Pribatizazioaren aldeko politikak dira” salatu dute. Garai batean, bi urologo zeudela oroitu dute, eta hirugarren bat eskatu zuten, baina lortu ez zutenez joan egin ziren ospitaletik. Ordutik ospitaletik pasa diren urologoei “lan txanda luzeak eta ardura piloa” jartzen dietela azaldu dute. “Urologoak kontratatzen dituzte, guardia pila bat dituzte, agian 15 guardia hilean, gehi kontsulta gehi kirofanoa, eta hori ezin duenez inork jasan, joan egiten dira”.
Gerentzia guztiek kasurik ez dietela egin urologiaren kasuan deitoratu dute, eta “prostatak pribatizatuz” arazoa konpondu izana salatu dute. “Poliklinikara bideratu dituzte urologia kasu gehienak, eta era berean, laguntxo baten poltsikoak bete dituzte”. Politika horiek “oso garestiak” direla dio plataformak eta merkeagoa dela urologo bat kontratatuta edukitzea. “Inoiz ez digute azaldu politika hauen nondik norakoak. Ez dugu ibilbide orririk ikusi, milioiak mugitzen dituen sistema bat denean”. Osasun arazo kronikoentzako ospitalea bilakatuko dela uste du Osasun Bidasoak.
Ospitaleko unitate bat, ekainean behin betiko itxita
Beste zerbitzuei erreparatuta, traumatologian mediku guztien plazak (12) beteta daudela baieztatu dute, baina ez dutela kontsultak egiteko lekurik nabarmendu dute. Bada, nahiz eta medikuak egon, ez dute pazientea artatzeko lekurik eta ez dute hitzordurik ematen. “Arazo hau ospitalea eraiki zenetik dago” gogoratu dute. “Orduan ospitalea ez zen handia, baina orain txiki geratu da”.
Ospitaleak lau unitate ditu eta ebakuntza gelak handitzeko plana medio, unitate bateko ohe guztiak kentzeko Osasun Sailaren asmoa mahai gaineratu dute. Unitate horretan, traumatologia kasuetako eta epe luzerako ospitalizazioetarako oheak daude, baita gimnasio txiki bat egon ere. “Hori guztia desagertu egingo da Osasun Sailak esku artean duen ebakuntza gelen planaren arabera”. Bide horretan, unitate horren zuzendaritza lekualdatzea duela asmo Eusko Jaurlaritzak azaldu dute, aparkalekuko behin behineko kabina batzuetara.
Unitate hori desagertzeak, ohe kopurua hazteko badaezpadako zerbitzua kentzea dakarrela ere jakinarazi dute. Alegia, gripe epidemia baten aurrean, ezingo zen erantzun eman erreserbatutako oheen bitartez, eta EAEko eskualdeko beste ospitale batera eraman beharko zuten pazientea, eta ez Donostiako ospitalera. Ekainean dago aurreikusita unitate hori ixtea.
Bestalde, ebakuntza gelen plana geldituta dago “langileak gerenteekin borrokan dabiltza”. Bien bitartean, espazio faltarekin segitzen dutela salatu dute.
Anbulatorioak
Ratioei begira jarri dira: Errenteria-Oreretak 40.000 biztanlerentzat hiru anbulatorio dauzka (Beraun, Iztieta eta Larzabal), eta Irun eta Bortzirietako 100.000 biztanleentzat, berriz, bi anbulatorio daude. Aldi berean, Donostian guztira hamaika anbulatorio eta osasun arretarako zentro daude 186.000 biztanlerentzat.
Erdiguneko anbulatorioak 1.800 metro karratutan 38.000 pertsonari eskaintzen die arreta, kasu batzuetan, barrakoietan. Egungo anbulatorioa ireki zenetik, itxaron gelak eta komunak kontsulta bilakatu dira. Esterilizazio zerbitzua eskailera batzuen azpian dago kokatuta, aldageletan ez dago ez dutxarik ez komunik ez aireztatzeko txokorik. “Egoera oso prekarioa eta sostengaezina da”. Dunboako anbulatorioak, aldiz, ezin da handitu eta ezin du ezta ere paziente gehiago jaso.
Espazio faltaren aurrean eta zerbitzuak hobetzeko espazioa izateko bidean, 2011etik Oinaurren anbulatorio bat eraikitzeko eskaera egina dago. Baina, anbulatorio hori eraikitzeko proiektua ez dago martxan.
EAJk Via Irun izeneko urbanizazio proiektuan anbulatorio handi bat eraikitzea proposatu izana izan dute hizpide. “Norentzat? Ni Katean bizi naiz eta ez dut gertu oinez joan ahal izateko. Eta, non?” galdetu dute. Ez dute errealtzat jo proiektu hori laster gauzatzea, egoerak eskatzen duen neurrian, Via Irun gauzatzeko lurrak Espainiako Gobernuarena direlako eta lur horietan proiektua garatzeko lurraren jabetza eskuratu behar dutelako. Adibide gisa jarri dute Aduana karrikako Aduana Zaharra ixtetik, eraikinaren jabetza lortzeraino 18 urte pasa direla. Gaineratu dute 2011tik ez dela urratsik eman Oinaurrekoa egiten hasteko, lur saila udalak horretarako prest utzi duenean.
Espazio falta konpontzeko eskaria egin dute, erakunde askotan, eta egiten ez dela arrazoitzeko jaso duten erantzuna “ez dela diru falta” izan da. “Ez bada diru arazoa, zein da problema? Ez dakigu, inork ez digulako azalpenik ematen”. Jakin nahi dute zergatik Bidasoan ez dira beharrezko diru inbertsioak egiten ari. 2024ko Osasun Sailaren aurrekontuetan ez dagoela zerbitzua hobetzeko Bidasorako inolako inbertsiorik jasota salatu dute.
Itxaron zerrendak
Itxaron zerrenda batean egoteko gehienezko eguna 30 egunekoa da legez, baina aspalditik muga hori gaindituta dagoela azaldu du Osasun Bidasoak. Traumatologiako itxaron zerrenda 130 eta 190 egunekoa da; familia medikuak ekografia bat eskatzen duenean balizko gaixotasun larri bat diagnostikatu ahal izateko, ia urtebete itxaron behar da.
Minaren unitaterako eta urologiarako ez dute hitzordurik ematen. Otorrinolaringologia eta ginekologiako kontsultak ere hiru hilabete baino gehiago atzeratu dira.
Arazo honekin, diagnostiko larriak eta ekitate falta “lotsagarria” dakarrela diote. Izan ere, erosteko ahalmen handia duten herritarrek kontsulta pribatuetara jo dezakete osasun publikoaren defizitak arintzeko, baina gainerako herritarrek, aldiz, itxaronaldi luzeak jasan behar izaten dituzte. Osasun arreta jasotzeko “desberdintasun larriak” salatu dituzte.
Eskualdea “zigortuta” dagoela Osasun Sailaren inbertsio kopuruagatik diote eta “arazo politikotzat” jo dute. Osasun Sailak idatziz onartu du lehen arretako egoera “larria” dela, eta egindako proposamena urbanizatuta ez dagoen toki batean izateak, ez duela arazoa konponduko diote. Arazoa kronikoa dela diote, osasun profesionalen lan baldintzak ere txarrak direlako eta ez dutelako eskualdeko osasun publikoan lanean egon nahi.
Eskaerak
Amaitzeko, bost eskaera eta salaketa egin ditu plataformak. Hona hemen, hitzez hitz:
- Osasun Sailak inbertsiorik egin ez duenez, egoera gero eta jasangaitzagoa da. Kontsultategi eta profesionalak falta dira.
- Urologia-zerbitzua eta minaren unitatea ixteari ez. Irun Erdialdeko medikurik gabeko larrialdi- zerbitzuei ez.
- Ospitaleko espezialisten kontsultetarako itxaron-zerrendak txikiagotzea eskatzen dugu, gehienez ere 60 egunekoak izan daitezen.
- 2015etik prest dagoen orubean, Oinaurreko anbulatorioa berehala eraikitzea eskatzen dugu.
- Bidasoa ospitalea handitzea eskatzen dugu, eraikin erantsi baten bidez.
-
Martxoak 14, osteguna, 16:00etan. Elkarretaratzea Irun Erdialdeko anbulatorioan, Korrika pasa bitartean.
-
Martxoak 16, larunbata, 17:00etan. Manifestazioa Donostian (Boulevard).
-
Martxoak 19, asteartea, 14:00etan. Kontzentrazioa Irun Erdialdeko anbulatorioan.
-
Martxoak 26, asteartea, 14:00etan. Elkarretaratzea Dunboako anbulatorioan.
-
Apirilak 2, asteartea, 14:00etan. Kontzentrazioa Hondarribiko anbulatorioan.
-
Apirilak 9, asteartea, 14:00etan. Elkarretaratzea Bidasoa ospitalean.
-
Apirilak 13, larunbata, 18:00etan. Manifestazioa Irunen San Juan plazatik.