HMJPri proposamenak egingo dizkio EAJk
Egun planean, jeltzaleen zazpi neurri teknikoki onartuta daude, eta datorren osoko bilkuran neurri gehiago proposatzea dute asmo.
Hiri Jasangarrirako Mugikortasun Plan proposamenean (HJMP) dauden zazpi neurri EAJk azken urteetan egindakoak izan direla gogoratu du alderdi jeltzaleak, “beharrak aurreikusi” dituztelako. Teknikoki daude onartuak, eta HJMPren hasierako dokumentuak atxiki dituzte ere.
Adierazi dute datorren osoko bilkuran proposamen gehiago egitekoak direla, horiek zeintzuk izango diren aurreratu gabe. Era berean, zerrendatu egin dituzte dagoeneko HJMPn aintzat hartuta dauden neurriak:
- Kolon pasealekuko bidegorria (2020ko irailaren 21ean)
- Nafarroa etorbidean gorantzako bidegorria (2020ko abenduaren 18an)
- Gain Gainean eta Urdanibia plazaren arteko lotura sortzea, Larretxipi kaletik barrena, udaletxearen atzeko aldean oinezkoentzako pasabide bat eraikiz. (2022ko uztailaren 28an)
- Hiriko leku estrategikoetan elektrizitatea kargatzeko guneak jartzea, auzo guztiek hurbileko karga-gailuren bat izan dezaten saiatuz, herritar guztien sarbide zuzena bermatzeko. (2021eko irailaren 21ean)
- Hirian dibertsitate funtzionala, kognitiboa eta sentsoriala duten pertsonei egokitzeko neurriak ezartzea. (2022ko uztailaren 28an)
- Bizikletentzako aparkaleku publikoen, seguruen eta estalien sare bat egokitzea gure hiriko hainbat tokitan. (2022ko maiatzean)
- Amute eta Santiagotarrak artean, Plaiaundi institutuaren atzealdetik oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura bat sortzea, nazioarteko zubietatik igaroaz (2013an)
Egun teknikoki onartuta dauden neurri guztiek “Irungo herritar guztien bizitza hobetzea” dutela “helburu bakar” gisa azaldu dute. Asmo hori gauzatzeko, “bizikletaren erabilera erraztean” jarri dute fokua, “bidegorri seguruak, konektatuak eta egokiak” eskainiz, “hiriko auzoak lotuz eta horrela auzoak edo kaleak berpiztuz, betiere kolektibo bereziei zuzendutako mugikortasun beharrak ahaztu gabe”.
Irunentzako babesten duten eredua “zarata gutxiagokoa eta errespetu handiagokoa” dela gaineratu dute, haien esanetan “herritarrek haien egunerokotasunaz errazago gozatzeko”. “Proposamen eraikitzaileak, positiboak eta anbizio handikoak bultzatu eta planteatu ditugu urteotan. Iruni lagunduko diotenak hiri jasangarri bat lortzen”.
Azkenik, hiriek karbono isurketen “%70 inguru sustatzen” dutela kontuan hartu dute, baita “baliabideen %60a baino gehiago” kontsumitzen dutela ere. EAJk uste du udalak “funtsezko” papera bete behar duela “dagoeneko bizi dugun eraldaketa honetan”. Hiriko biztanleria “bikoitza baino gehiago handitzea” espero dela ere testuinguruan hartu dute neurriak egiterakoan.