Elkarrekin Ababorrek 150 ontzi inguru batuko ditu badian
2025ean izango da Ababor Azoka Nautikoaren 3. edizioa. Asteburu honetan, baina, itsas kirol zaleek hainbat jarduera izango dituzte eskura.
Ficobak, Euskal Kirol Portuak-ek (EKP), Hondarribiko Klub Nautikoak, Euskadiko Bela Federazioak, Gipuzkoako Bela Federazioak eta Hondarribiko Udalak elkarlanean Elkarrekin Ababor ekitaldia antolatu dute astebururako.
Elkarrekin Ababor Ababor azoka antolatzeagatik sortu zen arren, aurten ez da azokarik egongo. Sektoreko espezialisten iradokizunei jarraiki bi urtetik behin antolatuko baita; 2025ean izango da Ababor Azoka Nautikoaren 3. ekitaldia. Asteburu honetan, baina, itsas kirol zaleek hainbat jarduera izango dituzte eskura eta guztira 150 ontzi inguru batuko dira Txingudi Badian.
Larunbat zein iganderako Optimartxoa Elkarrekin Ababor Estropada antolatu dute. Larunbatean 13:00etan hasiko da, igandean, berriz, 11:00etan. Hondarribiko Klub Nautikoko Bela eskolan izango da hitzordua eta parte hartzaileak 16, 13 eta 11 urtetik beherakoak izango dira. Izen ematea zabalik dago eta Hondarribiko Klub Nautikoaren (HKN) webgunean egin daitezke izapideak. Guztira 80 ontzi aritzea aurreikusi dute antolatzaileek.
Hilaren 16an (larunbata) izango da hirunakako Itsasontzi ainguratuko arrantza lehiaketa. 07:30etan irten eta 13:30ean itzuliko dira parte hartzaileak EKP-tik. Izen ematea HKN-ren webgunean egin beharko da. Gutxi gora behera 20 parte hartzaile inguru egotea aurreikusi dute antolatzileek.
Hilaren 16an goizeko 10:30ean egingo dute hitzordua gurutzeontziek, Guruzeontzien itsasaldia egiteko. Itzulera 13:30erako aurreikusi dute, eta ondoren, 14:00etan hamaiketakoa egingo dute Hondarribiko Klub Nautikoan, Arrantzaleen Kofradiaren ondoan. Izen emateak hemen.
Azken urteetako arrakasta
Ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Igor Enparan Hondarribiko Alkatea, Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuak EKP-ko zuzendaria, Gorka Narbarte Hondarribiko Klub Nautikoko ordezkaria eta Cristina Laborda Irungo Alkatesa Maialen Gaztañaga Ababor Azoka Nautikoaren zuzendariarekin batera.
Hondarribiarrek itsasoarekin duten lotura azpimarratu du Hondarribiko Alkateak, eta haatik, lotura horretan sakontzeko “oso ekimen interesgarria” dela adierazi du. EKP-ko zuzendariak, berriz, ekitaldietan laguntzea “plazer bat” dela adierazi du. Ababor urtero indarra hartzen ari den azoka da eta haren inguruan antolatzen diren ekintzek ere arrakasta izaten dute. Aurten azoka egingo ez bada ere ekimenak antolatu izana eskertu du Egañak. Izan ere, portuko aktibitate gehienak udan izaten dira eta udaberrian sartzear gauden honetan halako zerbait antolatzea “pozgarria” dela aipatu du, ekintzak jendea itsasora ateratzeko “aitzakiak” direlako. Hondarribiko Klub Nautikoko ordezkariak hasieratik ideia “polita” iruditu zitzaiela aipatu du eta urtero ekimenak izan duen “arrakasta” nabarmendu du. “Hainbeste ontzi batzea ez da batere erraza izaten”. Era berean, eskertuta agertu da Narbarte urte guztian zehar HKNak egiten duen lana erakusteko aukera izateagatik. Azkenik, Irungo Alkatesak bi udalen arteko elkarlana nabarmendu du. “Elkartzen garenean gehitu egiten dugu, biderkatu”. Gainera, Santiagotarrak elkarteko aulki mugikorreko sekzioa Londresen aritu dela kontatu du, lemadun zortzikoan, eta haiek egindako lana balioan jarri nahi izan du Labordak.