Korrika Irundik, Gipuzkoako bigarren hiri handi euskaldunena ere izateko
23. Korrika Irundik abiatzeko arrazoia "euskararen erabilera suspertzeko" hartutako erabakia izan da. Gipuzkoako bigarren hiri handiena, bigarren hiri euskaldunena ere izateko aldarria egin du AEK-k.
Lau egun barru San Juanetik abiatuko dela 23. Korrika gogoratu dute gaur egindako agerraldian Xabier Artolak, Korrikako Gipuzkoako arduradunak; Beñat Alzagak, Bidasoako AEK-ko zuzendariak eta Maddi Sanzek, lehen eguneko arduradunak.
Euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako oldarraldia “bizirik” dagoela oroitu du Artolak, eta horregatik, “ezinbestekoa” dela Korrika nabarmendu du. Azken Korrikaren Donostiako lekukoa “indartsu” hartuko dutela ziur dira, “euskararen herri harroa garela frogatuko dugu berriz ere Euskal Herria osatzen dugun zazpi herrialde harroetan barrena”.
Irun Korrikaren hasiera egunerako “hiri berezia” dela aitortu du Artolak, “Gipuzkoako bigarren udalerria da biztanleriari dagokionez, baina ez euskal hiztunei dagokionez”. Korrikak eta AEK-k egoera hori “irauli” nahi duela adierazi dute, Irungo “euskararen erabilera suspertzeko” helburuarekin.
Irun berezia dela gogoratu dute “Irungo AEK berezia den gisan”, eta ostegunean, euskaltegiaren eguneroko lanean jarriko dutela azpimarra azaldu dute. Lehenengo kilometroa, Irungo AEKrena izango da eta aurreratu dute euskaltegiko sei irakaslek eramango dutela. Guztira, Bidasoko AEKn hamaika langile direla aintzatetsi nahi izan du Alzagak.
23. korrikaren hasiera “ikaragarria” emango diotela aurreratu dute, eta balioan jarri dute 23. edizio honetan Irunen bertan “saretu” den mugimendua, “bultzada handia izan dira Irungo AEKren lana bizkortzeko”.
Ekitaldia
Korrika 16:00etan irtengo da, baina 15:30ean, ekitaldi bat egingo dute “bi edo hiru mezu nagusi” zabaltzeko. Batetik, “gure komunitatearen indarra, beharra” azpimarratuko dute Harro Herri leloak adierazi bidean. Azken batean, denen artean egingo duela Korrikak aurrera azaldu du Alzagak, eta komunitate horri “gorazarre” egingo diote.
Herritarren lana aitortuko dute “haien lana, denen arteko lana ezinbestekoa baita euskararen normalizazioan aurrera egiteko”. Era berean, “asko” dutela egiteko ez du atzean utzi nahi izan Irungo AEK-ko zuzendariak: “Normalizazioa urrun dago eta normalizazioan aurrera urratsak emateko modu bakarra Korrikak egiten duen bezala, eskuz esku elkarrekin eta euskaraz eta euskaratik behar du izan”.
Ane Elordik Euskal Herriko Korrikako koordinatzaileak hitza hartuko du hasierako ekitaldian. Harekin batera, Aize Otañok Gipuzkoako artezkariarena ere izango da hitza eta Alzaga Bidasoko AEK-ko zuzendaria den aldetik ere oholtzan izango da. Aurreratu dutenez, ez da izango ekitaldi arrunta edo ohiko formatua duena. Bestelako kutsu bat izango du, baina ez dute xehetasunik aurreratu.
Bukatzeko, Sanzek Korrika Kulturala izan du hizpide eta eskerrak eman dizkie herritarrei, norbanako zein eragileei “babesa etengabea” izan delako. Jarraian, antolatutakoen errepasoa egin du: Hiru Korrika Egun, Badon, Euskal Herriko Hitz Gezidunen Txapelketa, Mejillon Tigreren ekitaldia, Erromeria Ibiltaria, eta Hizkuntzak Mugarik Gabe ekitaldia. “Gure akorduan betiko geratuko den Korrika abiatuko da”.
Sanzen esanetan, AEKrentzat eta Irun osoarentzako “oso berezia” izaten ari da bidea. Herriko euskaldun eta euskaltzale guztiak topo egiteko aukera eman diela hasierak zehaztu dute eta “euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu”. Ostegun honetan Irunera bertaratzeko deia zabaldu die Euskal Herri osoari, “Harro dagoen Irun euskalduna ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa”.
- 11:00etan: Korrika Gaztea Mendelutik Zabaltza plazara.
- 11:30ean: Bertsopoteoa San Juan plazatik abiatuta. Korrika babestu duten tabernetatik pasako dira.
- 11:30ean: Muxikoak Almudena Grandes plazatxoan Txingudiko Pentsiodunen eskutik.
- 11:30ean: Euskal Herriko Artisauen azoka Urdanibia plazan.
- 12:30ean: Txosnen irekiera Urdanibia plazan.
- Jantokiak, 12:30etik 15:15era: Irungo Mendizaleak eta Motor elkarteak.
- 15:30ean: Ekitaldi nagusia San Juan plazan.
- 16:00etan: Korrikaren irteera San Juan plazan.
- 17:30ean: Kontzertuen hasiera Urdanibia plazan.
- 17:30ean: Burrunba elektrotxaranga.
- 19:30ean: Esne Beltza.
- 21:30ean Bad Sound System eta Lagunak.
- Txosnak irekita.