"Egoerari buelta emateko aukera eta indarra badago"
2023ko abenduan bildu zen aurrenekoz Hondarribiko Korrika Batzordea, besteak beste, Korrika Kulturaleko ekintzak antolatzeko. Herriko gazteek, bestetik, Korrika Gaztea antolatu dute lehenengoz.
Korrika Irunen hasteak Hondarribian ere eragina izan duela azaldu zenuen Korrika Kulturalaren aurkezpenean. Espero al zenuten horrelako erantzunik?
Bai. Hasiera batetik espero genuen horrelako erantzuna. Korrika Irunen hasiko zela iragarri zenetik eragileak hasi ziren gurekin kontaktuan jartzen kilometroak erosteko. Korrika Batzordeari dagokionez, esango nuke beste urtetan urtarrilean hasi garela biltzen. Aurten abenduan bildu ginen aurrenekoz eta jende askok parte hartu zuen. Bi herri ezberdin dira, baina azkenean Irunek eta Hondarribiak duten loturarekin bagenekien nabarituko zela.
Antolakuntzari dagokionez, Korrika Kulturala prestatzerako orduan, zertan sumatu duzue aldea, eta nolakoak izan dira hilabete hauek?
Hasteko azpimarratuko nuke udalaren aldetik jaso dugun laguntza. Lehenengo urtea da hasiera-hasieratik diru partida bat bideratzen dena Korrikaren antolakuntzarako. Eta prestaketari dagokionez intentsoa izan da. Iaz bildu ginen lehenengo aldiz eta hasieratik sortu zen taldetxo bat Korrika Kulturala antolatzeko. Lehenengo batzordea egin eta hurrengo egunean jada bazeuden ideia asko mahai gainean. Bilerak hasiera-hasieratik bi astetik behin jarri genituen, eta denak beharrezkoak izan dira.
Hemezortzi eragilek erosi dituzte kilometroak. Konpromiso handia dagoela adierazten al du horrek?
Bai. Hondarribian beti nabaritu izan da konpromisoa eragileen aldetik. Beti babestu izan da Korrika nola edo hala, kilometroa erosten, batzordeetan parte hartzen… Baina aurten bereziki nabaritu dugu babesa, kilometroak erosterakoan eragile gehiagoren artean banatu behar izan ditugulako. Orduan, kilometro erreala… ez dakit zenbat korrituko dugun bakoitzak, baina metro gutxi izango dira [barrez].
Aurten gazteen inplikazioa nabarmentzekoa izan da. AEK-ko kide bezala zer iradokitzen dizu horrek?
AEK-ko kide naizen aldetik ilusioa eragiten dit horrek, baina batez ere hondarribiar gisa. Izan ere, Hondarribian ditugun datuak ikusita eta euskararen erabilera zein egoeran dagoen ikusita, gazteek parte hartu nahi izatea eta Korrika Gaztea beraiek antolatzea edo prentsaurrekoan hitz egiteko prest egotea ilusioa pizten dit, eta erakusten dit indarra badagoela. Egoera dena da, daukaguna da, baina buelta emateko aukera eta indarra gazteen aldetik badago.
Korrika Kulturaleko lehen bi ekintzak gauzatu dira, eta bihar izango da azkena, DRAGaldia ikuskizuna (22:00etan Psilocybenea aretoan). Zer edo zer aurrera dezakezu?
Bi ekintzek oso harrera ona izan zuten. Liburuaren aurkezpenetik jendea oso kontent atera zen eta antzerkia, haur eta familientzako antzezlana izan zenez, inguruan entzun dudanagatik haurrei asko gustatu zitzaien. Drag ikuskizunari dagokionez badakit sorpresaz beterik egongo dela. Artistekin kontaktuan egon gara etengabe. Albina Stardustek eta Divina Comediak showa elkarrekin egiten dute normalean, eta Garazy la Fantasyk eta Alicia Kissek ere bai. Baina larunbaterako [biharko] bi ikuskizunak lotzeko asmoa dute.