Hondarribiko Eliz Musika Zikloak 40 urte bete ditu
1978an sortu zen Eskifaia Abesbatza eta handik bost urtera hasi ziren Eliz Musika Zikloa antolatzen. Hondarribiko Elizaren eta udalaren laguntzarekin antolatzen duen zikloa da.
Eskifaia abesbatzak Eliz Musika Zikloaren 40. edizioa antolatu du martxoaren bigarren hamabostaldirako. 46 urte dira Eskifaia abesbatza sortu zenetik, eta urte hauetan guztietan lan handia egin dute. Horren erakusle da egun elkarteak dituen hiru taldeak: Eskifaia Abesbatza, Xatz Abesbatza eta Eskifaia txiki. Ortzi Alonso zinegotziak “hamarkadaz hamarkada” egindako “kultur trasmisioa” goraipatu eta beren lana balioan jarri nahi izan du. “Ez dakit ze puntura arte kontziente garen hainbeste urtez egin den lanaz”. Horregatik eskerrak eman dizkie.
Eskifaia Abesbatza sortu eta bost urtera antolatu zuten lehenengo Eliz Musika Zikloa. Urte haietan Aste Santuaren bueltan “hutsune musikal” bat zegoela azaldu du Javier Bustok. Haatik, haientzak oso garrantzitsua izan zen gisa honetako ziklo bat antolatzea. Hasiera batean ez zuten oso argi nolakoa izan behar zuen. “Koroak, orkestra, kamara taldeak… dena nahasten hasi ginen. Azkenean, argi ikusi genuen ikuskizun koral bat izan behar zuela”. Bustok 1994an utzi zuen taldea, eta duela gutxi zuzendu zuen itzulerako lehen entsegua. Eskifaiak egindako gonbidapen baten bidez arituko da zuzendari lanetan. “Lehenengo entsegua oso hunkigarria izan zen, izugarria izan da Eskifaiaren gonbidapena onartzea” aitortu du.
Hitzordua hilaren 16, 17, 23 eta 24an izango da Hondarribiko Parrokian. Lehen hiru egunetan 20:ooetan hasiko da emanaldia, azken egunean ordea ordubete lehenago, 19:00etan.
Egitaraua
Martxoak 16 (20:00): Kantoria ahots taldea. Jorge Losana da zuzendaria. Berpizkunde iberiarreko ahots-polifoniaren interpretazioan espezializatutako laukotea da. Talde gazteak Upsala, Medinacelli eta Gandia kantutegiko piezak interpretatuko ditu, besteak beste.
Martxoak 17 (20:00): Aquam Lauda Korua, ahots zurien abesbatza. Javier Busto da zuzendaria. 2014an sortutako abesbatza da. Ziklo honetarako “ilusio handiarekin” datozela azaldu du aurkezpenean Bustok eta programa “oso potentea” izango dela ziurtatu du. Besteren artean, Tomas Luis de Victoria, Allegri, Guseppe, Verti eta Bustu beraren obra erlijiosoak interpretatuko dituzte.
Martxoak 23 (20:00): Suhar gizon korua. Esteban Urzelai da zuzendaria. 2018an sortu zen eta Euskal Herri osoko kantuan eskarmentu handia duten ahotsak biltzen ditu. Iaz Tolosako kantu txapelketa irabazi zuten. Haatik, aurten Bulgarian egoteko aukera izango dute, Europako beste bost lehiaketetako irabazleekin lehiatzeko. Bestalde Txinan izango dira ere. Hondarribian emango duten kontzertuan garai ezberdinetako pieza sakratuak joko dituzten arren, batez ere XX. mendeko piezetan oinarrituko dira. Besteak beste, Gallus, Poulenc eta Rossiniren musikak interpretatuko dituzte.
Martxoak 24 (19:00): Xatz Eskifaia, ahots zuriak, eta Eskifaia Abesbatza, ahots mixtoak. Amaia Aldalur da Xatz Eskifaiaren zuzendaria. Josu Elberdin da organojolea eta Leticia Vergara bakarlaria. Kontzertuan Josu Elberdinen Meza kantatuko dute eta Javier Bustoren Popule Meus. Azkenik, Bustok sorturiko requiem eternal obrarekin amaituko dute kontzertua. “Pieza minimalista da, baina abeslarien aldetik jaso dudan erantzuna oso polita dela izan da”.