Martxoaren 8a egunero dela aldarrikatu du Jaizkibelek
"Alardean parte hartzeko debekuak bizirik" dirauela oroitarazi eta "udalak hondatutakoa udalak konpon ditzala" eskatu zuen Jaizkibel Konpainiak.

Bart iluntzean egin zuen elkarretaratzea Jaizkibel Konpainiak. Hondarribiko udaletxeko arkupetan bildu ziren Martxoaren 8a egunero dela aldarrikatzeko. 30 urte daramatza Jaizkibelek Hondarribian Alarde parekidea erreibindikatzen eta hasieran gutxi baziren ere, orain milaka dira ‘Emakumeak Alardean’ oihukatzen dutenak.
Elkarretaratzean egindako adierazpenetan eskubide berdintasunak, “ezta irailaren 8an ere” ez duela salbuespenik onartzen oroitarazi zuten. Oraindik, baina, Alardean parte hartzeko debekuak bizirik dirauela deitoratu zuten, “Giza eskubideen aldarrikapenen kontra”. Debeku horrek Hondarribia hiriaren izena zikintzen duela garbi dute konpainiako kideek, eta Hondarribia berdintasunaren hiria izateko urratsak egitea eskatu zuten. “Itzuli diezaiogun hiriari hiriarena dena, herri guztiarena izaten jarrai dezan”. Irailaren 8a, Martxoak 8 egunaren ispilu bilakatzea desira dute, eta horretarako, udalari “udalak hondatutakoa udalak konpon dezala” eskatu zioten.