Udalak "eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeak" aitortu ditu
"Emakumeen belaunaldien historia erreskatatzeko aukera eta erantzukizuna" duela dio udalak eta hainbat konpromiso hartu ditu aitortza egite aldera. Elkarretaratzea ere egin dute San Juan plazan, 12:00etan.
Emakumeen Egunean adierazpen instituzionala kaleratu du Irungo Udalak. Sistema patriarkalak ikusezin bihurtutako eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeak aitortu dituzte, “bai generoaren agindu eta estereotipoen aurka egindako erresistentzietatik, bai mugimendu feministaren borroka kolektiboetatik etorri baitira aldaketa horiek”.
Bide horretan, adineko emakumeari erreparatu diote, “sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua” izan delako “sozialki garrantzirik gabeko bihurtuz”. Era horretan, adineko emakumeen pairatzen dituzten zaurgarritasun handiko egoerak ezkutatzen ari dela sistema salatu dute, esaterako, prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun arazoak eta indarkeria matxistaren formak.
Genealogia feminista bistaratzeko daukan arduraz aritu da segidan udala. “Gaurko eguna dela eta, erakunde desberdinetatik eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu genealogia feminista bistaratzeko eta historian zehar emakumeekiko egon diren ahanzturak konpontzeko”.
Udalerri mailan, “emakumeen belaunaldien historia erreskatatzeko aukera eta erantzukizuna” dutela adierazi dute, eta emakumeek eta borroka feministek “udalerrietako bizitzari” eman dioten balioa aitortu dute, “adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita”. Ildo horretan, udalak hainbat konpromiso hartu ditu eta lotura honetan irakur daitezke.
Horrez gain, elkarretaratzea egin dute gaur goizean San Juan plazan Egunero behar luke Martxoaren 8a aldarri pean. Bertan elkartu dira udal ordezkariak eta herritarrak.