Ibilgailuek agur esango diote Kateko Elizatxo hiribideari
Astelehenean eraitsiko dute egungo Elizatxo hiribideko errepide pasarela, eta beste berri bat eraikitzen hasiko dira, Katea batuko duena.
Azaroan iragarri zuen udalak Elizatxo hiribideak banatuta duen Katea auzoa batzeko proiektua. Lehen urratsa, Errotazar errepidea berritzea izan da AHTari lotutako arrazoiengatik, eta jarraian, datorren astelehenean, Elizatxo hiribideko Kateko zatia eraitsi eta pasarela berri bat eraikitzeari ekingo diote.
Era horretan, oinezkoentzako ibilbidea izango da bidearen nagusitasuna izango duena. Gainera, Katea auzoa batu egingo da, egun Elizatxo hiribideak duen euste hormak banatzen baitu auzoa.
Datorren astelehenean, hilak 11, eraitsiko dute oraingo pasabidea, eta horretarako, Erromerieta eta Porcelanas arteko zatia behin betiko itxiko dute ibilgailuentzat. Tarte horretako trafikoa bideratzeko, Errotazar errepidea bi noranzkoetan irekiko da: Elizatxo hiribiderantz eta Letxunborro hiribiderantz.
Alegia, Elizatxo hiribidetik aurrera, ezingo da Letxunborro hiribidera ailegatu aurrerantzean, Errotazar bidea hartu beharko dute horretarako. Trafiko zirkulazioaren aldatze horrekin, 10 tonatik edota 10 metrotik gorako kamioiak ezingo dute pasa Errotazar zubitik.
Itxierak bestelako hainbat ondorio izango ditu trafikoan ere. Egoiliarren ibilgailuak bakarrik sartu ahalko dira Errotazar errepidetik Elizatxo hiribidera hiribidearen gaineko pasabiderantz. Gainontzeko ibilgailuek ezingo dute zirkulatu.
Ibilgailu astunei AP-8 errepidea erabiltzeko gomendio luzatu die udalak, batez ere Arretxe Ugalde industriagunera joan ahal izateko, Burniola eta Gobarain kaleetako irteera ezingo baitute erabili.
Autobus zerbitzuari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalari jakinarazi dionez, hainbat aldaketa aurreikusi dituzte.
Irunera doazen lineak:
- E22 lineak betiko ibilbidea egingo du.
- E24, E26, E27, E28 eta E77 lineetan Elizatxo hiribidean Porcelanasen parean dagoen geralekua itxi egingo da, eta, haren ordez, berri bat jarriko da Errotazar errepideko bidegurutzean.
Errenteria eta Donostiarantz doazen lineak:
- E22, E24, E26, E27, E28 eta E77 lineek betiko ibilbidea egingo dute Porcelanaseraino, eta, handik aurrera, Errotazar errepidetik sartuko dira, geraleku berrian barrena, Letxunborro hiribiderantz (suhiltzaile etxerantz).
- Elizatxo hiribideko 62 zenbakian Katea parean dagoen geralekua itxi egingo da, eta, haren ordez, berri bat jarriko da Errotazar errepideko bidegurutzean.
- Hiri barruko autobus zerbitzuak normal-normal funtzionatuko du.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, informazioa banatu du postontzietan, aldaketen berri emateko.
Kateko pasarela berria
Behin 2023ko otsailean udal gobernuak Elizatxo hiribidea berrurbanizatzeko proiektua idazteko kontratazioa onartuta, Kateko pasarela berriaren aurreproiektua aurkeztu zuten, Elizatxo hiribidean Erromerietatik (Letxunborro hiribidetik) Errotazar errepideko bidegurutzeraino oinezko eta txirrindularientzako pasabide bat sortzeko proposamen bat.
Proiektu honen ildotik, Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hirigintzako ordezkari Miguel Angel Paezek eta udaleko zerbitzuek adierazi dutenez, informazio bilerak egiten ari dira auzotarrekin, Kateko Landetxa Auzo Elkartearen bidez, proiektua zertan den jakinarazteko eta haien iritzia biltzeko, eta aurrerantzean bilera gehiago egitea espero dute.