Eskualdeko manifestazioan, 'Gure bizitzekin negoziorik ez' blokea
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriari eutsi diote eta Moskun elkartuko dira 17:45ean.
M8 Asanblada Feministak deitutako eskualdeko manifestazioa egingo da gaur arratsaldean. Bi zutabe irtengo dira eta biak ala biak Irungo San Juan plazan bukatuko dira. Bata, Hondarribiko Martxoak 8 plazatik, 17:30ean. Mendeluko biribilgunera 18:30etako iristea dute aurreikusita, eta bertan irundarrek bat egin ahalko dute.
Bigarren zutabea Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuko aparkalekutik abiatuko da, 17:45an. Santiago zubira 18:15ean ailegatuko dira eta bertan ere irundarrek bat egiteko aukera egongo da. Zabaltza plazara, berriz, 19:00etan iritsiko dira
Gure bizitzekin negoziorik ez blokea
Bada hirian Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarriarekin bat egin duenik eta bloke bat osatzeko deia zabaldu dute, elkarrekin eskualdeko manifestaziora joateko. Moskun geratu dira, 17:45ean.
“Martxoaren 8an gure kaleak aldarri feministez beteko ditugu itotzen gaituen sistema kapitalista, zisheteroarautu, arrazista, kapazitista, patriarkal eta ekosuntsitzailea iraultzeko” .Bakarrik edo taldean borrokara batzeko dei egin dute.
Blokearen posizionamendua ikus dadin, karteletan hainbat aldarri eramatea eskatu dute, “feminismo intersekzionala” nabarmenduz. Mezu transfeminista, antirrazista, kuir, lodifobiaren kontrakoak, lurraren aldekoak ere jarri dituzte eredu gisa.