Indarrak batzeko sare morea ehundu dute
Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeko zein Talaia eskolako ikasleek osatu dute aurtengo sare morea. Martxoak 8 plazan daude egun honetarako prestaturiko esaldi, marrazki eta kartel guztiak.
Emeki elkarteak Hondarribian emakume sarea osatzen egitasmoa antolatzen duen hirugarren urtea da. Aurten, baina, lehen urtea izan da udalerriko eskola eta ikastola guztiek parte hartu dutena. Martxoak 8 plazan sare bat jartzen dute Emekikoek eta ikasle zein irakasleen laguntzarekin aldarrikapen mezu eta irudiz betetzen dute. Elkarteko kideak emaitzarekin “oso kontent” geratu dira, baina batez ere, hiru eskolen artean indarrak batu dituztelako. “Arte lanak dira” ziurtatu du Emeki elkarteko Koro Bidaurretak, “oso lan politak egin dituzte”. Zenbaitekin geratzea pentsatu dutela kontatu du Bidaurretak barrez. “Emakumeen biografiak landu dituzte, eta hau zein da, eta beste hau zein da aritu gara gure artean. Pentsatu dugu guretzako geratzea gero guk ikasteko”.
Aurten, eskola eta ikastetxeei martxoak 8-ren esanahiaren inguruan hausnartzeko proposamena egin zien Emekik. Talaia eskolan adibidez, zaintza, soldata arrakala eta gizartean erroturik dauden bestelako arazoak identifikatu eta horiek ardatz zituzten leloak proposatzeari ekin zioten. Azkenean, hiruzpalau lelo aukeratu eta txarteltxo moreak prestatu zituzten.
Egiluze ikastetxean esaldiak prestatzeaz gain kartelak, pankartak eta beste hainbat material prestatu dituzte ere. Eskolako txikienetatik, haurtzaindegitik, handienetara egin dute lanketa. Haurtzaindegiko ikasleek adibidez, zuhaitz bat prestatu dute, zeinak “benetan guzti hau nondik hasten den isladatzen” duen. “Sustraietatik hasten da. Neska-mutilak berdintasunean hezitzen baditugu txikitatik zuhaitza zuzena aterako zaigu, eta hor, bere fruitua emango digu” azaldu du Katrin Olazabalek. 2 urtekoek eskuak morez margotu eta zuhaitzeko fruituak irudikatu dituzte. Tximeletaz jantzita dagoen emakumearen irudia sortzeko kasuan eskola guztiak parte hartu duela kontatu du, “denek dutela bere lekua” erakusteko. DBHkoekin, berriz, lanketa sakonagoa egin dute. Ikasgelan bideoak ikusi eta ‘Zuetaz harro’ leloa landu dute. Honakoa ez da egun bakan bateko gauza izan, “urte osoan zehar lantzen dugun zerbait da. Txikitatik egin behar den zerbait da gainera” zehaztu du.
Ama Guadalupekoa ikastetxeko ikasleek ere zintzo bete dute lana, prestaturikoa zintzilikatzen lehenak izan dira. Hona hemen sare morea sortzen aritu direneko zenbait argazki: