EAJ: "Batzen gaituen guztiaren ordez bereizten gaituena adierazteak berdintasunaren aldeko borroka ahultzen du"
Abotsanitzek eta EH Bilduk EUDEL-en sinatutako testua aldatzeko eta proposamen bat gehitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. EAJk ez du udal gobernuak proposaturikoarekin bat egin.

Emakumeen Eguna da gaur, “ospakizunerako eta aldarrikapenerako eguna”, baina beste urte batez, egun hau alderdi politikoen arteko “diferentziek markatuko” dutela adierazi du Hondarribiko EAJk. Izan ere, haien ustez Abotsanitzek eta EH Bilduk ez dute EAJrekin batu nahi izan berdintasunaren alorrean. EAJ: “Eta denok dakigu zergatik. Baina EAJri azken 20 urteetan berdintasunaren bandera beretzat hartu duen inork ez dio zentzu horretan leziorik emango”. Jeltzaleek mende batez baina gehiagoz berdintasuna feminismoa eta aniztasuna babesten dihardutela adierazi nahi izan dute.
Abotsanitzek eta EH Bilduk EUDEL-en sinatutako testua aldatzeko eta proposamen bat gehitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Jeltzaleen ustez, baina “ez da koherentea adierazpen instituzional batean eskatzea administrazio batek gain har dezala bere eskumenekoa ez den zeregin bat”. Horregatik, EAJko kideek ez dute udal gobernuak proposaturiko adierazpenarekin bat egin.
EAJren azken agintaldian herriko lehen Berdintasun Plana idatzi eta hura gauzatzen hasi zela adierazi dute, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteekin lankidetzan. Lan horren adibide gisa jarri dute Hondarribiko kale izendegian emakumeen presentzia areagotzeko izendaturiko 7 plazak.
Azkenik, udal gobernuari lan plan bat diseinatzeko batzorde bat deitzea eskatu diote, “emakumeak ahalduntzeko eta ikustarazteko ildoan aurrera egiten” jarraitzeko.