Kontzientzia feminista pizteko eta ahalduntzeko saioak
Urtarrilaren 30ean hasi zuten ‘Emakume artean’ tailerra, eta hilaren 19an amaitutzat emango dute. Gure Hegoak elkarteak Hondarribiko Udalarekin batera antolatutako ahalduntze eta autoezagutza saioak dira.
Intimitatea elkarbanatzeko eta taldearen sostengua sentitzeko beharretik abiatuta garapen pertsonal eta kolektiboa indartzea, eta kontzientzia feminista piztea xede duen tailerra da Emakume artean. Marina de Santa Cruzek dinamizatzen du, Laura Casadorekin batera.
Casadok, tailerren obserbazioa egin, sostengua eman eta guztiaren erregistroa jasotzen du.
Batez ere bizipenetan oinarritzen den lanketa egiten dutela azaldu du dinamizatzaileak, sormena, gorputzaren mugimendua eta emozioak landuz. «Tailerrean emakumeen arteko lotura eta nolabaiteko sororitatea sortzen da. Besteekiko kontaktuan nor garen azaleratzen da, gure beharrak eta nahiak zein diren… Saioa erronka bat da gure ahotsa, espresioa, protagonismoa, lekua eta balioa ikusaraztera eramaten gaituena».
Tailerren helburuetako bat kontzientzia feminista piztea da, «moralismorik eta dogmarik gabe». Horretarako, emakumeen baitan dauden alienazioak identifikatzen dituzte. «Alienazioek leku desberdinetan kokatzen gaituzte, edo kokatu nahi gaituzte, generoaren arabera. Desberdintasunak eta diskriminazioak markatzen dituzte, botere harremanak, estereotipoak eta genero rolak, gure autokontzeptua eta emakume gisa ditugun potentzialtasunak baldintzatzen eta mugatzen dituztenak». Lanketa egiteko emakume bakoitzaren garapen prozesua kontuan hartzen dute. Hau da, pertsona bakoitzaren historiari, bizi ibilbideari, mugei eta erritmoei erreparatzen diete.
Saioak, Jostaldin
Espazio seguruak izaten dira. Errespetua, babesa eta konfiantza bermatuta daude. «Gorputza mugitzeko askatasuna, dantzatzeko, margotzeko, gozatzeko, emozioekin topatzeko, adimenak atseden hartzeko eta norbera izateko lekua da tailerra». Honakoa ez da elkarteak antolatu duen lehen saioa, 2009an sortu zenetik, psikopedagogia, ikuspegi feminista eta kulturartekotasuna integratzen dituen hainbat saio egin dituztelako.