Euskararen inguruko gogoetak udaletxean plazaratu dituzte ikasleek
Hondarribiko eskola eta ikastetxeetan hizkuntzen, eta zehazki euskararen erabileraren eta sustapenaren inguruko lanketa egiten ari dira ikasturte hasieratik. Orain arteko gogoetak udaletxean plazaratu zituzten iragan ostiralean.
Iragan ostiralean Talaia eskolako eta Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeetako ikasle eta irakasleak Udaletxeko Areto Nagusian izan ziren. Gobernu taldearekin batera bilkura berezia egin zuten. Zehazki, euskararen inguruan aritu ziren.
Ikasturte hasieratik Emun-en eskutik (gai sozialak kudeatzeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen duen enpresa da) hizkuntza asertibitatearen, kontzientzia linguistikoaren eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integrala abiarazi zuten, udalak, eskolek eta guraso elkarteek hala proposatuta.
Proiektuan Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek parte hartu dute eta azken hauekin, ‘Gaztelaniaren abantailak’ deituriko saioak burutu dituzte. Horietan, euskara edo gaztelera erabiltzearen zergatia aztertu, bakoitza erabiltzerakoan sentitzen duten gaitasunak identifikatu eta euskararen erabilera egunerokotasunean txertatzeko proposamenak landu dituzte. Lanketa horren ondorengo gogoetak izan dira Udaletxeko Bilkura Aretoan plazaratu dituztenak.
Igor Enparan Alkatea, Garoa Lekuona Euskara zinegotzia, Ortzi Alonso Kulturako zinegotzia eta Lupe Queiruga Hezkuntza eta Gazteriako ordezkaria izan dira bertan ikasleen ondorioak entzuten.