Emakumeen ekintzailetza ikustarazteko sentsibilizazio kanpaina
Bidasoa bizirik-ek sei bideo landu ditu emakumeen ekintzailetza ikustarazteko eta belaunaldi berrientzat eredu izateko. Aizpea Gonzalez, Amaia Iguiñiz, Arantxa Lizarribar, María Peinado, Cristina Zafra eta Débora Ailla dira sei ekintzaileak.
Hirugarren urtez jarraian, Emakumeen Egunaren harira, sentsibilizazio kanpaina bat landu du Bidasoa Bizirik-ek. Zehazki, sei bideo landu dituzte emakumeen ekintzailetza ikustarazteko eta bertako emakumeak belaunaldi berrientzat eredu izateko helburuarekin. Aizpea Gonzalez, Amaia Iguiñiz, Arantxa Lizarribar, María Peinado, Cristina Zafra eta Débora Ailla dira bideo horietan parte hartu duten sei ekintzaileak.
Bideo horiek Bidasoa bizirik-en sare sozialetan zein beren webgunean zabalduko dituzte datozen egunetan. Bideo laburrak izango dira, eta bertan, proiektu pertsonalen berri emango dute. Besteak beste, ekitea zergatik erabaki duten, proiektua gauzatzeko laguntzak jaso dituzten ala ez eta ekin nahi duen orori zuzenduriko aholkuak emango dituzte. Débora Aillak duela 2 urte erabaki zuen bere kabuz ekitea, eta orain artekoa esperientzia “oso ona” izan dela kontatu zuen atzoko aurkezpenean. “Batzuetan norberarengan konfiantzarik ez izateak buruan ditugun ekintzailetza proiektu horiek geldiarazten ditu. Horregatik, eskerrak eman zizkien senitarteko eta lagunei ekitera animatzeagatik.
Sentsibilizazio kanpaina hau Bidasoa bizirik-ek 2020tik duen berdintasun planaren 5. ardatzean kokatzen da, emakumeen ekintzailetza ikustarazteko sentsibilizazio ekintzak garatzeko atalean.