"Auto ezagutzarako tresna bat da ‘Zikloan’"
Iametzak eta Ara!Gorputzek ‘Zikloan’ hilekoaren ezagutzarako eta jarraipenerako sakelako telefonoentzako balio duen web aplikazioa sortu dute. Euskarazko lehena da.
Zikloan aplikazioa 2023ko urrian egin zen publiko. Ara!Gorputzek urteak daramatza hilekoaren eta zikloaren bueltan ikerketak egiten. Nondik sortu zen aplikazioa sortzeko ideia?
Jatorrizko ideia Iametzarena da. Ara!Gorputzekoak ez gara oso ondo eramaten pantailekin, paperarekin harreman hobea dugu. Beti pentsatu izan dugu paperean idazten duguna guretzat soilik dela, eta beti horri ematen diogu garrantzia. Orain, aplikazioa aurkezten gabiltza eskaintzen ditugun tailerretan, eta beti esaten dugu aplikazioa oinarri bat dela. Beti gomendatzen dugu papereko erregistro luzeago bat izatea edo eguneroko bat idaztea, xehetasun gehiago jasotzeko. Izan ere, aplikazioak ez du ematen askorako.
Iametzak egin zuen aplikazioaren garapena, eta gu haiekin izan ginen hasieratik. Prozesua luzea izan da ideia izan zutenetik. Gero, baliabideak lortu, edukia txukun jarri… Denbora pasa zen ideiatik egin arte.
Iametzari Leire Aperribai psikologian doktoreak eta zuek lagundu diozue. Zein izan da zuen ekarpena?
Hilekoaren lanketan ikuspegi desberdinak daude, eta gu beti saiatzen gara jolasetik eta maitasunetik lantzen, toki atseginetatik lantzen, alegia. Bestela, gure ekarpenak balio izan dezake gu errudunago sentiarazteko edo arduratzeko. Hala balitz, aplikazioa egiteari ez diogu zentzu askorik ikusten. Autoezagutzarako tresna bat da Zikloan aplikazioa, eta asmoa da erregistroaren bidean ahalik eta xamurrenen izatea. Hori da beti gure helburua. Iametzakoak dagoeneko aplikazioa sortuta zegoenean etorri ziren guregana, eta galdetu ziguten ea zer iruditzen zitzaigun, zer gehituko genukeen. Orduan, guk bat egin, eta proiektuaren bigarren fasea hasi zen. Hastapenetik landuta zeuden edukiak moldatu egin behar izan genituen aplikaziora.
Zertarako balio du aplikazioak?
Hilekoaren erregistro bat egiteko balio du. Hilekoaz ari garenean, beti dago ondo gogoraraztea ez direla bakarrik odol edo fluxu gorria ditugun egunak, baizik eta ziklo osoaz hitz egiten dugula. Ziklo horrek uteroa dugun gorputzetan egunero eragiten digu, kontziente izan ala ez. Auto ezagutza hori bilatzen dugu.
Egia da ere maila pertsonalean egiten dugun lanketa hori, maila komunitariora eta kolektibora eraman behar dela azaltzen dugula beti, horrela ahalko ditugulako detektatu min emozional eta fisikoak. Nahiz eta guk geuk deskubritu, gu geu gelditzen baldin bagara gure jakintzarekin, bakardadean, ez dugu asko aurreratuko. Ez da oso baliagarria izango. Egiten ditugun deskubrimendu propioak kolektibizatzen ditugu. Modu horretan, istorio berberak dituzten beste hainbat pertsona topatuko ditugu.
Hilekoaren zikloa erregistratzeko aplikazio bat baino gehiago daude merkatuan. Zerk bereizten du Zikloan aplikazioa besteengandik?
Badaude bi puntu guretzat garrantzitsuak direnak. Batetik, euskara hutsean egina dagoela guztiz, eta lehenbiziko aplikazioa dela euskaraz hilekoaren erregistrorako. Beste aldetik, datuen bilketa zertarako erabiliko den azaldu behar da. Izan ere, hilekoa erregistratzeko aplikazio gehienen kasuan ez dakigu zer egingo den datu horiekin, eta horrek asko arduratzen gaitu. Kontu hau ez da orainean ikus dezakegun gauza bat. Badakigu beste aplikazioak handik eta hemendik datuak jasotzen ari direla, baina, gero, etorkizunean ikusiko dugu zer egiten duten datu horiekin.
Ez gara datuak oparitzearen aldekoak, eta gutxiago Google-ri. Ez dakigu nor dagoen enpresa horien atzean eta ez dakigu zer gertatuko den. Badaukagu eskarmentu nahikoa jakiteko kapitalismoak dena usurpatzen duela, eta probablea dela datu horiek erabiltzea ugalkortasun klinikei oparitzeko. Gure kasuan, datuak Iametzak eta Ara!Gorputzek dauzkagu, eta ez ditugu salduko ez eta beste deus egingo ere horien kontura dirua irabazteko. Hainbesteko konfiantzarekin ematen dizkiguten datuak etorkizunean baliatu nahi ditugu ikuspuntu feminista duten ikerketak egiteko. Hilekoaren kontu hau guztia bere lekuan jartzeko.
Web aplikazio bat da, eta sakelakoen app moduan erabil daiteke. Alegia, ez dela deskargatzen mugikorretako beste app-ak bezala.
Google play eta horrelakoak segurtasunik gabeko espazioak dira. Oso sinplea da Zikloan instalatzea. Zikloan.eus-en sartu behar zara, eta bertan topa daitezke irizpideak nola deskargatu jakiteko. Behin deskargatuta, aplikazio bat bezala funtzionatzen du mugikorrean. Era horretara deskargatzeak, datuen erabilpenaren segurtasuna emateaz aparte, eguneratzeak egiterako orduan erraztasunak ematen ditu. Esan berri dudana Iametzaren balorazioa izan da, beraiek oso jantzita baitaude datuen kontuetan eta badakigu beraien zaintza horri dagokionez hausnartuta dagoela, eta ildo bat dutela.
Aplikazioak hainbat funtzionalitate ditu datuak erregistratzerakoan. Nola egin duzue horien hautaketa?
Lehenbiziko fasea da oraingoz egin duguna, hau da, oraingoa 1.0 bertsioa da. Asmoa da garatzen segitzea beste ezaugarriak gehituz, eta jasotzen goazen eskaerei arreta jarriz. Oinarrizko funtzionalitateak dira orain aukeran daudenak.
Bestalde, badago beste arrisku bat hilekoaren kontu honetan guztian. Guk beti hitz egiten dugu arketipoaz. Hau da, gu geu irizpide batzuen arabera ezagutzen gara, baina ezagutza horrek daukan arriskua da gure kontrolerako mekanismo bat bilaka daitekeela. Gure kontrol propiorako erabiltzea erregistroa, gure joeretan ikusi dugu.
Esaten da fase aurre-menstrualean sentsibleago zaudela, baina zu horrela ez bazara sentitzen, fase horretan enkaje saiakera bat hasteko ohitura dago. Menstruatzaile perfektuaren bila joateko tendentzia dago. Horrek ere arriskua dauka, eta funtzionalitateen aukeren gure hautaketa horregatik izan zen ahalik eta sinpleena. Aukeratutako irizpide sinpleenak honako hauek dira: energia; odol jarioa; emozioak; ondoeza; eta portaera aldaketak. Datu horiek erregistratzearekin uste dugu nahikoa dela oinarrizko jarraipena egiteko. Erabiltzaileak sinpletik hastea nahi dugu, norbera konprometitzea bere erregistroa egitera, hori badelako bere horretan lan bat. Gero, joango gara ikusten.
Aplikazioan erregistratzen zarenean galdetzen dugu Euskal Herriko zein lurraldetatik ari zaren erregistratzen, proiektuaren helburua badelako ere jakitea Euskal Herrian nolakoak diren gure hilekoak. Orduan, lurraldeen arteko bereizketa egin genuen. Hau ere berritzailea da.
Jakin al duzue ea Euskal Herri osora iritsi zareten?
Ez dakigu, baina elkartean beti dauzkagu mugak. Badakigu espazio batzuetara zail egiten zaigula iristea, esaterako, Ipar Euskal Herrira. Ezinegonarekin bizi gara. Badakigu Nafarroara ailegatu garela. Izan ere, aurreko urtean Nafarroan egin genuen hilekoaren lanketan, Euskal Herriko mapa bat osatu genuen. Bertan izan ginen saio batzuetan bilduta hamabost bat elkarte, eta Hego Euskal Herrikoak soilik bildu ginen. Ipar Euskal Herrira iristea eta haiekin lan egitea erronkatzat dugu.
Hilabeteak pasa dira aplikazioa deskargatu daitekeenetik. Daturik jaso duzue?
Momentuz jaso dugun datu bakarra erabiltzaile kopuruarena da, eta 1.200 ingurukoa da. Gure espektatibak asko gainditu ditu, bereziki lehen asteetan izandako deskargengatik. Ardura sentitu genuen hau guztia kudeatzeko. Beste datuei dagokienez, laster beste fase batean sartuko gara eta espero dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin aplikazioaren jarraipena egin ahal izatea. Horrekin asmoa da urte bukaerarako datu guztiak izatea, jakiteko zenbateko maiztasunarekin erabiltzen den, adibidez. Pentsatzen ari gara ere aplikazioari jakinarazpenak edota alarmak gehitzea. Funtzionalagoa egiteko aukerak aztertu nahi ditugu laster hasiko dugun bigarren fasean. Aldi berean, Zikloan-en blogean urte hauetan egindako ikerketak jaso ditugu, eta hori aplikazioari txertatzea ere buruan dugu. Baina bigarren fasea hasi arte itxaron beharko dugu.