Lehenengo porrota jaso du etxean Zaisa Txingudik
Nerbioi/Uni Bilbo Ck garaipena lortu zuen oso borrokatutako norgehiagokan. Biok Txingudik 5-31 irabazi zuen Gasteizen.
Iñigo Camareroren mutilek ez zekiten zer zen Plaiaundin galtzea, pasa den larunbatera arte. Zelaia baldintza oso desegokitan bazegoen ere, bi taldeek partida ikusgarria eta lehiatua egin zuten. Etxekoei defentsan aritzea tokatu zitzaien lehenengo zatian, bilbotarrek oso argi baitzuten zertara jokatu nahi zuten. Ostikada sakonekin Irungoen defentsa nahasten saiatu ziren, baina hauen eskurako jokoa era antolaketak bilbotarren erasoak zapuztu zituzten.
Hala ere, hamargarren minutuan, bisitariek alboko marraren ondoan zuloa aurkitu zioten defentsari lehenengo entsegua lortzeko (0-5). Bost minutu geroago, zigor kolpe bat eskura jokatu ondoren, bigarren marka iritsi zen, hagetatik gertu eta ostikatzaileak erraz egin ahal izan zuen eraldaketa (0-12).
Euri zaparradak, zelaiko lokatzak eta giro hotzak eskura jokatzeko zailtasun gehiegi izan ziren Zaisa Txingudirentzat eta ezin izan zuen punturik lortu lehenengo berrogei minutuetan. Atsedenaldian indarrak batu ondoren, iniziatiba hartu eta aurrera jo zuten. 47. Minutuan, touch-maul baten ondoren, Javi Paredesek aldea murriztu zuen entsegu batekin (5-12).
Etxekoen jokoa gero eta hobeagoa zen, baina Bilbok baloia Txingudiren hogeita biko eremuan sartzera jokatu zuen bere erdilarien ostikadekin. Honela, bidasoarrek markagailua iraultzeko aukerak murrizten joan ziren. Amaitzeko 4 minutu falta zirela, zigor kolpe bat gauzatu zuten bisitariek emaitza 5 eta 15ekoan uzteko.
Hasierako hamabostekoa Xabi Sanchez, Aitor Asurmendi, Aritz Rodriguez, Hodei Guerrero, Jon Mediavilla, Iker Tejero, Javier Paredes, Hector Pescador, Ioritz Franco, Carlos Lora, Ekain Hiribarren, Roman Solis, Teo Arruti, Andoni Quiñones eta Adur Manterolak osatu zuten. Aulkian Jon Sanchez, Unax Dominguez, Mikel Genua eta Carlos Perez hasi ziren. Epailea Gaizka Caballero izan zen.
Biok Txingudik garaipena lortuta hasi du bigarren fasea
Eguraldia ez zuten lagun izan Plaiaundin, baina emakumeen taldeak Gasteizen jasandako baldintzak are okerragoak izan ziren. Zero graduetatik gertu eta elurra zeriola hasi zuen Biok Txingudik Gaztedi B-ren aurka ligako bigarren faseko partida.
Fase honetan, emakumeen errugbiaren sustapena lortu nahi denez, norgehiagokak hamabi jokalariko modalitatean jokatu ahal izan dira. Era horretan, Asier Gonzalezek Lucia Duran, Yaiza Garcia, Maren Santa Cruz, Zumendi Caro, Lohitzun Aia, Lea Etxebarrieta, Aitana Garrido, Leire Muñoz, Laida Rodriguez, Naroa de la Fuente, Jessica Gomez eta Paola Vega zelairatu zituen. Aulkian, Gaxi Famoso, Irati Lazkano, Gaia Morris, Maddi Garmendia eta Ainara Varela hasi ziren. Gorka Valdecantosek zuzendu zuen partida.
Gauza berriak probatzeko eguna izan zen Biok Txingudirentzat, eguraldia jokoaren lagun izan ez bazen ere. Frogak ez zitzaizkien gaizki atera eta hamargarren minutuan hartu zuten aurrea markagailuan Paola Vegak lortutako entsegu batekin, Leire Muñozek eraldatu zuena (0-7).
Bost minutu geroago, Jessica Gomez hasiberriak bigarren marka egin zuen, Muñozek eraldatu zuena (0-14). 20. minutuan, debuta egin zuen jokalariak bere bigarren entsegua egin zuen 0 eta 19koa jartzeko markagailuan.
Pixkanaka, aldaketak egiten joan zen Txingudi, aulkitik jokalariak ateraz, baina baita ere zelaian zeudenak postu berrietan probatuz. Gaztedik intentsitatea igo zuen minutu horietan eta aldea murrizteko entsegu bat lortu zuen 35. minutuan. Atsedenaldia baino lehen, Paola Vegak eta Leire Muñozek beste zazpi puntu gehitu zituzten Txingudirentzat (5-26).
Bigarren zatian, jokoak ildo beretik jarraitu zuen eta, hasi eta bost minutuetara, Paola Vegak bosgarren entsegua lortu zuen (5-31). Partida erabakita zegoela ikusirik eta hotzak jokalariei eragindako ondoeza zela-eta, bi taldeek eta epaileak partida amaitutzat ematea erabaki zuten 50. minutuan.
Gazte taldeak, 3 garaipen 3 partidatan
14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek aparteko eguna izan zuten. Gazteenek Iruñean 5 entseguko aldearekin menderatu zuten Iruña RC. Gabiria Txingudi/Baztan16 urtez azpikoak aparteko garaipena lortu zuen Lekarozen Zarautz/Beltzak 48 eta 5 garaituz. Txingudi/Bera Bera sub 18k Rioja menperatu zuen Plaiaundin 25 eta 12 emaitzarekin.