Haurtxokoen balorazioa egin du udalak
Erabiltzaile kopurua nabarmen hazi da 2021etik 2022rako datuen arabera.
Palmera Monteroko Haurtxokoan agerraldia egin du gaur Gazteria arloko Sergio Javierrek, eta berarekin batera izan dira ere Haurtxokoetako dinamizazioaz arduratzen den Txiribuelta elkarteko ordezkaria, Carlos Subijana eta Irati Diaz, haurtxoko sarearen koordinatzailea.
Javierren hitzetan, haurrak eta nerabeak beti udal politiken ardatzean dituzte, eskubideen ikuspegitik, programa hezitzaile eta sozialak sustatuta, haurren eta horien senideen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburu dutela.
Hitzetatik harago doan konpromisoa dela zehaztu du udal ordezkariak, eta horren eredu gisa jarri ditu Erdialdeko haurtxoko berriaren irekiera, Gipuzkoa hiribideko 8. zenbakian, eta Haurartean programa, “tokiko ikaskuntza-komunitate bat” sortzeko helburua duena, “haurren eskubideak eta haurtzaroko ikuspegi baten arabera lan egitearen eta heztearen inplikazioak jorratzeko, familiei eta hezitzaileei zuzenduta”.
Balorazioa
2023ko otsailean, Erdialdeko haurtxoko berria ireki zen. Era horretan, 4 eta 11 urte arteko haurrentzat, udalaren haurtxoko sareak 5 zentro ditu jada, eta erreferentziazko espazio gisa sendotzen ari dela uste dute, “ikasteko, sormenerako, kultur adierazpiderako eta komunitateko parte-hartzerako”.
Haurtxokoen ohiko programazioa astelehenetik ostiralera eskaintzen da, eta ordutegiak adinaren arabera honela daude banatuta: 4 eta 8 urte arteko haurrak astelehen eta asteazkenetan edo astearte eta ostegunetan joaten dira, eta 9 eta 11 urte artekoak, aldiz, ostiralero.