Bi hilabeteko epean Txingudiko Zerbitzuak-ek 100 pertsona baino gehiago artatu ditu BAZ-en
Aurrez aurreko zerbitzua ezartzea herritarrentzat ez ezik, Txingudiko Zerbitzuak-entzat ere "pauso garrantzitsua" dela esan du Leire Zubitur Txinzerren gerenteak.
Urtarrilaren 8 jarri zen martxan aurrenekoz Txingudiko Zerbitzuak-eko arreta zerbitzua Hondarribiko BAZ bulegoan. Astelehenero eskaintzen den zerbitzua da 08:30etatik 14:00etara. Bi hilabeteko tartean 100 pertsona baino gehiago artatu dituzte. Leire Zubitur Txinzerreko gerentearen esanetan zerbitzua “interesgarria” delaren seinale.
Aurrez aurreko zerbitzua Hondarribian ezartzea, herritarrentzat ez ezik, Txingudiko Zerbitzuak-entzat ere, “pauso garrantzitsua” dela esan du Zubiturrek, jendearekiko hurbiltasuna Txinzerren “funtsezko balioa” delako. Zentzu horretan, gertuko arreta zerbitzua eskainiz lotura horiek sendotzea eta erantzunak ahalik eta azkarren jasotzea ahalbidetzen duela azpimarratu du. Besteak beste, titulazio aldaketak, kalteberatasun tramiteak egiteko eta hondakinak zer eta nola kudeatzeko aholkularitza zerbitzua, fakturak ordaintzea, konposta egiteko poltsak jasotzea, birtziklatzeko materiala edota kontenedore marroian alta emateko zerbitzuak eskaintzen dira.
Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak bezala, Igor Enparan-ek ere begi onez ikusi du zerbitzuak izan duen bi hilabeteko ibilbidea. Txinzerrek haren zerbitzuak Hondarribian eskaintzea udalean sartu zirenetik izan duten erronketako bat dela azaldu du alkateak, honakoa falta zitzaien zerbitzu bakarra zelako. Zentzu horretan, “oso baikortzat” jo du emandako pausoa, “mugikortasun aldetik, erosotasun aldetik eta zerbitzuaren aldetik abantailak eskaintzen dituelako”. Haatik, datozen hilabeteetan zerbitzua egonkortzea eta beharren arabera zerbitzua zabaltzea aztertzea espero du Enparanek.