Igor Enparan: "Zorionekoak gara kalte pertsonalik ez dela izan"
Ramon Iribarren pasealekuan homigoizko bloke batzuk ezartzeari ekin diote. Biharko egunez errepidea partzialki zabaltzea aurreikusi dute, semaforo batek gidatutako pasabide alterno baten bidez.
Luzia erori zenetik 24 ordu pasa diren honetan, “sustoa” pasata, Igor Enparanek egoeraren azken ordukoa eman du.
Atzoko egunean pertsonak artatzea eta arrisku egoera izan zitekeenaren balorazioa egitea lehenetsi zuen udalak. Gaurko egunean, berriz, babes neurriak jartzeari ekin diote. Goiz-goizetik Kai berrira doan errepidean, Ramon Iribarren pasealekuan, homigoizko bloke batzuk ezartzeari ekin diote, “goitik zerbait eroriko balitz behintzat, ez errepideak ez bertatik pasatzen diren oinezkoek ere, ez dezaten arriskurik izan”. Lan horiek eguneko azken ordurako amaituta egotea aurreikusi dute. Hala balitz, biharko egunez, semaforo batek gidatutako pasabide alterno bat martxan jarriko litzateke. Bizilagunei dagokienez, aste honen amaierarako beren etxeetara itzultzeko aukera izango dutela aurreikusi dute. Beti ere, segurtasun egoera bermatzen bada.
Familiez gain, arrantzaleak ere kaltetuak izan direla kontatu du alkateak. Gaur ziren hastekoak berdelaren kanpainarekin eta beren jarduna biharrera atzeratu behar izan dute. Hondarribiko Udala Kofradiako ordezkariekin harremanetan izan zen atzo, eta publikoki beren disponibilitatea, “bai laguntzeko eta baita komunikazio lanetan jardutekoa ere”, eskertu nahi izan du. “Gaur atera ezin izan badute ere espero dut bihar behintzat arazorik gabe eta segurtasun guztiarekin joateko aukera izatea”.
Egoera honetan, bi gauza balioan jarri nahi izan ditu alkateak. Batetik, “zorionekoak gara kalte pertsonalik ez delako izan”. Izan ere, luizia etxebizitzetatik eta pertsonetatik gertu jazo zen. Eta bestetik, erakundeen arteko koordinazioa. Aurreikusi gabeko baten aurrean Segurtasun sailetik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Hondarribiko Udaletik egoera kudeatzeko eta elkarlanean aritzeko gaitasuna balioan jarri nahi izan du Enparanek. “Lankidetza erraza izan dela aipatu nahi dut eta eskertu nahi ditut Hondarribiko Udal Teknikariak eta beste erakundeetako teknikari eta politikariak. Izan ere, harremana oso erraz izan da eta horrek, asko lagundu du lehenengo erantzun bat ematen”. Hala, etorkizunera begira “dudarik gabe” modu koordinatu batean lankidetzan jarraituko dutela adierazi du alkateak. Labarren mugimendua aurreikusi ezin den arren, eremuan egin daitezkeen esku hartzeak definitzen joan beharko dutela eta horretarako, erakunde guztien inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu du.