Higer bidea moztuta dago igandeko ordu txikietan gertatutako luizi baten ondorioz
Etxebizitza batzuengatik oso gertu gertatu zen luizia. Ondorioz, hiru familia beren etxebizitzetatik atera eta alojamendua ezarri die udalak. Segurua dela bermatzen dutenean ahalbidetuko diete itzulera.
Azken egunetako euriteek eraginda, larunbat gauetik iganderako ordu txikietan luizi bat gertatu zen; Hondarribiko udalak goizeko 02:30ak inguru izan zuen haren berri. Higer bidean gertatu zen, zenbait etxebizitzetatik gertu. Segurtasun arrazoiengatik bertako bizilagunak beren etxeetatik atera behar izan zituzten. Zehazki, hiru familia izan dira kaltetuak.
Igande goizean urgentziazko segurtasun bilera egin zuen Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailarekin harremanetan jarri ziten. Segurtasun ikuspegitik, “arriskua ekidin nahi dugulako”, luiziak izandako eraginak baloratzen hasi ziren. Momentuz prebentziozko neurriak hartu dituzte. Higer bideko errepidea itxi, pasabideak eten eta jendea eremura ez gerturatzeko deia egin zuen atzo alkateak, eremua “oso ezegonkor” baitago. Gaurko egunez, teknikariek egoera aztertu ondoren, Ramon Iribarren pasealekua ere ixtea erabaki dute. Higer bidera soilik inguruan bizi direnek igaro ahal izango dute, Pierre Lhande kaletik.
Garbiketa lanei dagokienez, epe laburrean garbiketa lanak zail ikusten ditu alkateak, “lanekin hasteko segurtasuna bermatzen dela ziurtatu behar dugulako”. Bien bitartean, bizilagunei alojamendua ezarri die udalak eta beren etxeetara itzultzea segurua dela bermatzen dutenean ahalbidetuko diete.