Ostegun honetan banatuko dira Asun Casasola lehiaketako sariak
IX. edizio honen gaia 'plaza bat zure izenean' izan da eta "memoria ariketa" egitea bultzatu nahi izan dute.
2013an abiatu zen Asun Casasola ipuin lehiaketa eta aurtengoa IX. edizioa izaten ari da. Urtero gai bat proposatzen dute ipuin lehiaketaren antolatzaileek, iaz izan ezik, bi gai proposatu zituztelako sail bakoitzeko. Aurten, beste urtetako izaerari eutsi eta abiapuntu edota helduleku bakarra proposatu dute bi sail eta lau kategorietarako: Plaza bat zure izenean.
“Memoria ariketa” izatea nahi izan dute, indarkeria matxistaren aurrean biziraun ez duten horiek gogoratzeko, baina baita memoria historikoan arakatu eta aitortza egiteko ere. Dena den, gaia nahiko irekia dela aitortu zuen aurkezpenean antolakuntzak, eta gaiak izan ditzakeen adiera guztiak ongietorriak izango direla azaldu zuten.
Ipuinak jasotzeko epea itxita, sari banaketa ekitaldia ostegun honetan egingo da Kabigorri ateneoan, 19:00etan. Sari banaketarekin bukatzean, mokadua jateko aukera egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Asun Casasola ipuin labur lehiaketa
2008ko Sanferminetan Nagore Laffage gazte irundarra ezetz esateagatik erail egin zuten Iruñean. Ordutik hona, Nagoreren ama den Asun Casasolak aurrera eramandako borroka emakume guztien askatasunaren sinbolo bihurtu da.
Ama honek erakutsitako kemena eta borrokarako grina izugarria izan da eta eredu honi aitortza egiteko asmoz sortu zen “Asun Casasola Ipuin Lehiaketa” 2013an. Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen lehiaketa, eta literatura lagun, horretan dihardugu urtez urte. Hitzak josiz, berdintasuna osatzen.