Andy Criere-k Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu du
Uztailaren 27tik abuztuaren 5era bitartean, Teahupo’o-n (Tahiti, Polinesia Frantsesa) jokatuko diren Olinpiar Jokoetan izango da hondarribiarra.
Otsailaren 23tik martxoaren 3ra bitartean jokatu da ISA World Surfing Games txapelketa Arecibon, Puerto Rico. Mundu mailako surfista onenak izan ziren bertan; Andy Criere artean. Txapelketa Pariseko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko azken aukera zen, eta hondarribiarrak zukua atera zion txapelketari. Gizonezkoetan 6 txartel geratzen ziren banatzeke, emakumezkoetan, berriz, 7.
Larunbatean lortu zuen Andy Criere-k Olinpiar Jokoetan aritzeko txartela. Hasiera batean, 5. kanporaketan erori zen. Baina 6. errondan izan zuen bigarren aukera, eta 12.era arte jarraitu zuen. Orotara 8. postua eskuratu zuen, zeinak Olinpiar Jokoetan parte hartzeko txartela ematen zion. Hala, uztailaren 27tik abuztuaren 5era bitartean, Teahupo’o-n (Tahiti, Polinesia Frantsesa) jokatuko diren jokoetan izango da hondarribiarra. Izan ere, kirol ekitaldi erraldoia Parisen izango den arren, surf lehiak Tahitin egingo dituzte.
Gipuzkoako hiru ordezkari
Gipuzkoak hiru ordezkari izango ditu Olinpiar Jokoetan, surfean. Andy Criere-kin batera izango dira Janire Gonzalez Etxabarri eta Nadia Erostarbe.