Otsaileko osoko bilkuran hainbat proposamen onartu ziren
Besteak beste, Abotsanitzek aurkeztutako Hondarribiko Abulatorioan zerbitzu gehiago jartzeko eskaera aztertzea aurrera atera zen.
Atzo arratsaldean otsaileko osoko bilkura gauzatu zen. Arratsaldeko 18:00etan bildu zen udalbatza eta bertan, hainbat gai jorratu zituzten. Osoko bilkuraren lehen zatian 2023ko uztailaren 6ko eta 13ko osoko bilkuren aktak onartu eta hainbat alkate dekreturen berri eman zen. 2023ko 4. hiruhilekoaren informazioa, hau da, ordaintzeko batez besteko epea, merkataritza operazioetan dagoen berankortasuna eta aurrekontuaren exekuzioen berri eman zen, eta ekintza planaren inguruko informazioa plazaratu zen; udaleko ekonomia eta finantza kudeaketa hobetzea xede duen planaren informazioa.
Ondoren, 2023ko ekitaldiari dagokion BPGren bilakaerari lotutako ehuneko 0,5eko ordainsari igoera osagarria onartzeko proposamena eta giza baliabideak antolatzeko plan partzialaren aldaketa onartu ziren, denen babesarekin. Eta azkenik, 2024rako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrendaren aldaketa, honakoa ere aho batez, onartu zen.
Bilkuraren bigarren zatian, Abotsanitzen proposamena aurkeztu zuten. Udalbatzari Osakidetzako eskualdeko arduradunekin osasun zerbitzuen hobekuntza azter dezala eskatu zuen. Abotsanitzen, EH Bilduren eta PSE-EEren bozkarekin aurrera irten zen mozioa. EAJk, berriz, abstentziora jo zuen.
Gonzalo Carrionek esan zuenez proposamenari ez diote zentzurik ikusi. “Ez dugu zentzurik ikusten alkateak duela gutxi Irungoarekin batera Bidasoako Ospitalea indartzea eskatzea, eta une berean eskatzea Hondarribian zerbitzu hauek jartzea. Gainera, urtarrilaren 25ean Eusko Jaurlaritzak Bidasoako Ospitalea handitzeko obra baimena eskatu zuen eta udalak ez du oraindik erantzun”. Alkateak, ordea, obra baimena behar bezala eskatu ez zelako onartu ez dutela erantzun zion. “Obra txiki bat balitz bezala sartu da, eta Zerbitzu Teknikoetatik esan zaidanez, obra handi baten aurrean gaude. Horregatik, prozedurak zuzentzen direnean aurrera egingo da, guretzat ere lehentasuna da eta”.
EH Bilduk, bere aldetik, egoera salatzeko probestu zuen aukera. “Azken urteetan EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzatik Osakidetza desmantelatzen ari dira. Pribatizazioaren aldeko apustu garbia egiten ari dira. Hau da, ez dute zerbitzu on bat eman nahi, baizik eta hor deratzen da. Besterik gabe, asko dago salatzeko.”