"Eskubideak finantzatzea, berdintasuna bizkortzea" dela dio M8 Asanbladak
Hilaren 8an manifestazioa egingo dute Hondarribitik eta Hendaiatik abiatuta, Irun helmuga delarik. "Eskubideak finantzatzea, berdintasuna bizkortzea" dela aldarrikatuko dute.
M8 Asanblada Feministak “berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko” adierazpena irakurri du gaur Moskuko plazan. Datorren astean izango da martxoaren 8a eta “historia markatu duten emakumeen borroka nekaezina” gogoratu dute, eta “berdintasunarekiko eta guztien eskubideekiko konpromisoa” berretsi dute.
Erronkak dituztela aurrean deitoratu dute, “soldata arrakalatik, modu guztietako indarkeria matxistetaraino”. Asanbladaren esanetan, “hesiak botatzeko, estereotipoei aurre egiteko eta mundu bat eraikitzeko” garaia da, emakumeek beraien ametsak “beldurrik eta mugarik gabe” bilakatzeko askatasuna izateko.
Diskriminazio mota guztien desagertzea eta “hezkuntza eta lan aukeretara bidezko sarbidea” eskatu dute. Horretarako, genero berdintasuna sustatzen duten politika inklusiboen eta guztientzako segurtasun bermeen alde egin dute.
Datorren hilaren 8an ahotsak batuko dituztela aurreratu dute, berdintasuna “arau eta ez salbuespen” izango den etorkizuna eraikitzeko. “Elkarrekin emakume bakoitza loratu ahal izango den mundu baterantz goaz, bere potentzial guztia garatuz, jendartearen esparru guztietan, eta horretarako finantziazioa behar da, eskubideak finantzatzea berdintasuna bizkortzea delako”.
Jarraian, martxoaren 8rako deitu duten eskualdeko manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei. Bi zutabe izango dira irteera puntua; batetik, Hondarribiko M8 plazatik abiatuko dira 17:30ean; bestetik, 17:45ean, Hendaiako Gaztelu Zahar aparkalekutik.
Irundarrek zutabeekin batzeko hiru aukera izango dituzte: Santiagoko zubian, 18:15ean; Mendeluko biribilgunean, 18:30ean; eta Zabaltza plazan, 19:00etan. Bukaera, San Juan plazan izango da.
Manifestazio aurretik, baina, bai Irungo Zabaltza plazan bai Hendaiako Gaztelu Zaharren ere materiala saltzen egongo dira asanbladakoak. Dirua behar duten baliabideak erosteko baliatuko dute, hala nola, musika ekipo bat.