EAJ: "Udalak EAJren proposamen lasai eta eraikitzaileari emandako erantzun oldarkorra ez da eredugarria herriarentzat"
Hondarribiko EAJ haserre eta kezkatuta agertu da Udal Gobernu Taldeak Casadevante Jauregia erosteko aukera baloratzeko plazaratu zuten proposamenaren aurrean.
Hondarribiko EAJ haserre eta kezkatuta agertu da Udal Gobernu Taldeak Casadevante Jauregiaren inguruan plazaratu zuen erantzunaren aurrean.
9 hilabeteren ondoren Abotsanitz “oraindik” gobernatzen hasi ez dela esan dute jeltzaleek. Orain artean, gaiak ikasten, baloratzen, aztertzen eta birplanteatzen aritu direla, baina “erabaki eta aurrera egin, gutxi” egin dutela. Horren adibide gisa jarri dute Casadevante Jauregiaren erosketa aztertzeko eskakizunari emandako erantzuna. Beren ustez, “EAJren proposamen lasai eta eraikitzaileari” erantzun “oldarkorra eta ez eredugarria” eman zion udalak eta Abotsanitzek eta Bilduk erakundea “alderdikeriaz” erabili dutela salatu dute.
Erantzunean “EAJk agintzen dituen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, proiektu honek izango duen aurrekontu osoaren %75 jartzeko konpromisoa erakutsiko balu, Hondarribiko Udalak gainontzeko %25 jarriko luke” adierazi zuen udalak. Jeltzaleentzat honakoa “zentzurik gabeko” baldintza da eta “erantzunean dagoen zorroztasun falta”-k kezkatzen ditu. “Hondarribiko Udalak erosi nahi badu hondarribiarren zerbitzura jartzeko, zer zentzu du Eusko Jaurlaritzari edo Gipuzkoako Foru Aldundiari erosteko dirua eskatzea? Norbaitek imaginatzen al du udalerri bakoitzak horrelako eskaera bat egitea?”.
EAJk proposamena luzatu zuenean jauregia erosteko aukeraren berri “duela aste batzuk” jakin zutela esan zuten. Orain, baina, udalak emandako erantzunean zioen bezala, onartu egin dute “duela urte batzuk” jakin zutela eraikina salgai zegoela. Orduko hartan, ordea, baldintzak oso bestelakoak zirela zehaztu nahi izan dute. “Egia da informazio hori aurreko udal gobernuari helarazi zitzaiola. Baina baldintzak egungoak ez bezalakoak ziren”. Batetik, proposaturiko prezioa altuagoa zela esan dute, eta udalak San Telmo gaztelua erosi berri zuela. Bestetik, une hartan eraikina hotel lizentzia erosteko funts pribaturik ez zegoela esan dute. “Orain bai, badago”.
Udalak eraikina erosteko intentzioa izan ez gero “lanean hastera” gonbidatu dituzte jeltzaleek, baina EAJk gobernatzen duen erakundeei laguntza eskatu gabe, hori egitea “eskuak garbitzea” dela uste baitute. Prozesuan laguntzeko prest agertu dira eta udalari “argia” izan dadila eskatu diote.