Ondasun higiezinen zergen alegazioak, otsailaren 28 arte
Alegazioak udalaren orrialdeko egoitza elektronikoaren bidez edota HAZen jar daitezke. Aurtengo errekargua %150 hazi da.
Irungo Udaleko Ekonomia eta Ogasun arloak jakinarazi du, ezen, Biztanleen Udal Erroldan egiaztapenak egin ondoren, aste honetan jakinarazpenak bidali zaizkiela urtarrilaren 1ean bitarte erroldatutako pertsonarik ez zuten etxebizitzen titularrei. Jakinarazpenean adierazten zitzaien uste badute haien etxebizitzak salbuespen-kasua dela, otsailaren 28ra arte aurkez ditzaketela alegazioak.
2023ko urriaren 27ko osoko bilkuran erabaki zuten % 150eko errekargua aplikatzea Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagirietan (OHZ), titularraren edo beste pertsona batzuen ohiko bizileku ez diren etxebizitzei.
Araudi berriaren arabera, errekargua aplikatuko zaie 2024ko urtarrilaren 1ean erroldatutako pertsonarik eduki ez eta salbuespen-kasuetan sartuta ez dauden etxebizitzei. Salbuespen-kasuak izan daitezke, esaterako, etxebizitzak bizitzeko gutxieneko baldintzak ez betetzea, antolamendutik kanpo edo aurri-egoeran egotea, edo titularrak hirugarren adinekoen egoitzetan erroldatuta egotea, eta abar. Guztira, hamazazpi salbuespen-kasu dira.
Alegazioak aurkezteko udalaren orrialdera jo daiteke eta bertako egoitza elektronikoan. Hain zuzen, OHZ Ohiz kanpoko etxebizitzaren errekargua: alegazioak atalean sartuta. HAZen ere jar daitezke alegazioak eta aurretik hitzordua eskatzeko 943 50 51 52 edo 010 telefonora deitu daiteke.
Zein arrazoi alegatzen den adierazi beharko da salbuespen-eskaeran, eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa erantsi. Halaber, salbuespena zein etxebizitzatarako eskatzen den zehaztu beharko da, etxebizitzaren “zenbaki finkoa” adierazita.
Alegatutako arrazoiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, behin betiko ebazpena emango da errekargua aplikatu edo ez erabakitzeko, eta etxebizitzaren titularrari jakinaraziko zaio.