Laguntza gutunetan, baita gazteak ere
Adinekoen bakardadeari aurre egiteko gutunen dinamika Pio Baroja institutura zabaldu du udalak. Belaunaldi arteko proiektua izatea bermatu nahi dute.
Laguntza gutunak udalak eta Itziar Sistaiaga idazle irundarrak sortutako dinamika da. Helburua, familia edo gizarte sarerik ez izateagatik bakarrik sentitzen diren adinekoei laguntza eskaintzea da, idazketaren bidez. Gaur udalak berritasunak dituela proiektuak azaldu du: Pio Baroja institutuko bigarren mailako ikasleak laguntza gutunak idazten arituko dira ere.
Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkariak luzatu die gonbidapena idazleei eta adierazi du belaunaldien arteko proiektu bihurtzeak, gazteenei ere parte hartzeko aukera emanda, «freskotasuna» emango diola proiektuari.
Horretarako, Sistiagak bi tailer eskainiko du Pio Barojan, ikasleak proiektuan inplika daitezen. Lehenengo saioan proiektua azalduko du eta ikasleen parte hartzea antolatuko dute. Bigarren saioam, aldiz, gutunak jaso eta esperientzia ebaluatuko dute.
Gogoratu dute laguntza gutunak proiektua pandemia garaian sortu zela, ikusi baitzuten behar berezia zegoela bakarrik bizi ziren pertsonei akonpainatzeko. Proiektuak jasotako harrera ona ikusita, handitu egin zen eta gutunak pertsona gehiagori bidaltzea erabaki zuten. Gutun hauek astero bidaltzen zaizkie proiektuarekin bat eginda dauden adinekoei.
Orain arte idatzitako gutunak eta grabatutako audioak irun.org-en daude. Horiek, nagusiki, boluntarioek eta udal liburutegiko idazketa klaseetako idazleek idatzitakoak dira.