Biola eta piano duoak, Ricardo Requejo ganbera zikloan
Igande honetan eskainiko dute biola jotzaile errusiarrak eta piano jotzaile euskaldunak kontzertua. Sarrerak dagoeneko salgai daude.
Otsailaren 4ean, igandean, Ricardo Requejo ganbera zikloaren emanaldi berri bat eskainiko dute Amaia KZn, 19:00etan. Oraingoan Natalia Tchitchek eta Josu Okiñenak osatutako biola eta piano duoa taularatuko da.
Natalia Tchitch biola jotzaile errusiarrak eta Josu Okiñena pianista donostiarrak Sergei Prokofiev, Hilario Olazaran de Estella eta Johannes Brahmsen obrak joko dituzte, besteak beste.
Sarrerak salgai daude dagoeneko eta Amaia KZren webgunearen bidez eskuratu ahal izango dira. Era berean, Amaia KZko leihatilan bertan, ordubete lehenago, betiere sarrerak eskuragarri badaude. Sarrerek 5 euroko prezioa dute.
Tchitch eta Okiñena
Tchitch biola jotzaile errusiarra nazioartean nabarmendu da, bakarka eta ganbera musikaren esparruan karrera aktiboa egin baitu, eta, ganbera musikaren munduan, izen handiko artistekin aritu da. Era berean, Europako hainbat hiritako jaialdi entzutetsuetan parte hartu du.
Okiñena, berriz, pianista eta ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskal musika ondarea jorratzen du, Xuxurlak eta Aradak diskoen bitartez besteak beste.