Babarrunak dastatzeko azken xehetasunak, prest
Babarrun lehiaketa egunaren aurretik hitzaldi bat antolatu dute bihar (otsailak 1), 19:00etan, Batzokian.
Bihar (Otsailak 1) arratsaldeko 19:00etan, Batzokian, ‘Lurretik mahaira, tras las huellas de la alubia en Hondarribia’ Hitzaldia eskainiko du Domingo Merino Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa-garapeneko teknikariak. Hondarribiko baserrietako babarrunen ezaugarrien inguruan arituko da. Izan ere, “Tolosako babarrunak eta Hondarribikoak ez bira berdinak. Diferentzia txiki batzuk daude” zehaztu du Jose Ramon Mutuberriak, Zumardikoak elkarteko kideak.
Hitzaldiaz gain, babarrunen zozketa egingo dute ere. Hortaz, 11 elkarte gastronomikoek bihar jakingo dute zein baserriko babarrunekin lehiatuko diren. Elkarte bakoitzak 1,5 kilo ale jasoko ditu.
Hauek izango dira parte hartuko duten elkarteak: Alkartasuna, Txampa, Azeri, Itsas Etxea, Goxoki, Klink, Nautico, Marlaxka, Alaiki, Olagarro eta Zumardikoak elkarteak. Epaimahaia, berriz, Hondarribikoak ez diren lau adituk osatuko dute. Kofradia Gastronomiko Federazioko Imanol Garmendia eta Ibon Mokoroak, Roberto Ruiz sukaldariak, eta ENBAko [Euskal Nekazarien Batasuna] Iñaki Goenagak.
“Produktuan garrantzia dauka lurrak eta eguzkiak. Gogoratzen dut txikitan umeak ginela Lukas-en baserrikoak, amonarenak, ziren babarrunak jasotzen genituela eta Majori baserrikoak, izebarenak zirenak. Eta gu umeak ginela konturatzen ginen amonarenak zirela hoberenak eguzki gehiago jasotzen zutelako. Pentsatzen dut hemen ere izango direla diferentzia txikiak. Hala ere, Hondarribian ez da eguzkia falta eta denak izango dira primerako babarrunak” esan du Kofradia Gastronomiko Federazioko kide den Garmendiak.
Epaimahaikideek lan gogorra izango dute igandean, eta Garmendiak aurreratu duenez besteak beste, testura, saltsaren lodiera, gatz puntua, gogorra ala bigunak dauden, aleak hautsi diren ala ez… izango dute kontuan.