Talaia Alai proiektua martxan da
Talaia eskola inguruneko lur zoruaren iragazkortasuna eta egokitasuna zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko proiektua da. Lanak hilaren 30etik otsailaren 16ra bitarte luzatuko dira.
Talaia eskola inguruneko lur zoruaren iragazkortasuna eta egokitasuna zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko proiektua da Talaia Alai. Gaur bertan hasi dituzte lehen lanak eta otsailaren 16an amaituko dituzte.
Gaurtik (hilak 30) otsailaren 1era espaloiak handitzeko markatze lanak egingo dituzte. Horretarako ez dute errepidea itxi behar izango, baina trafikoari jarraitasuna emateko koordinazio puntu bat ezarriko dute.
Otsailaren 1etik 2ra, beheko irudian berdez nabarmendutako eremuan [Aspunea kalea eta ingurua], margotze lanak egingo dituzte. Egun horietan, beraz, adi egon beharko da errepidea itxi egingo baitute. Hala ere, bizilagunek zein eskolako erabiltzaileek bertatik igarotzen jarraitu ahal izango dutela zehaztu du udalak. Hurrengo pausua, morez markatutako eremuan [Gabriel Aresti kalea], margotze lanak burutzea izango da. Otsailaren 5 eta 6an egingo dute hori. Aurreko astean bezalaxe trafikoa itxi egingo da, baina bizilagunek zein eskolako erabiltzaileek bertatik igarotzen jarraitu ahal izango dute.
Azkenik, otsailaren 7 eta 8 bitartean sinboloak eta oinezkoen pasabideak margotzeari ekingo diote. Lan txikiak izango direnez errepidea ez dutela zeharo moztuko jakinarazi dute, baina desbideratze txikiak eta, noizean behin, mozketak egon daitezkeela. Otsailaren 8tik 16ra bitarte seinale bertikalak eta azken xehetasunak egingo dituzte.
Informazio gehigarria udalaren webgunean aurki daiteke.