Aurtengo inauterietan maskarak izango dira protagonista
Judas Arrietaren 'Manga Mask Boy' kartela izango da 2024ko Inauterietako irudia. Guztira 15 lan aurkeztu dira kartel lehiaketara.
Aurtengo inauterietan maskarek izango dute protagonismo berezia. Izan ere, kareta tradizionalak marrazki bizidun ezberdinetako karetekin bat egiten duen ilustrazioak irabazi du 2024ko Inauterietako Kartel Lehiaketa. Judas Arrieta artista plastiko hondarribiarra da egilea eta ‘Manga Mask Boy’ izenburua du kartelak.
Ilustrazio digital honekin haur batek maskara bat jarriz bere izaera nola aldatzen duen irudikatu nahi izan du Arrietak. Betiko kartel tipikoetatik ihes egin eta bere izaerari fideltasunez eutsiz. Kartela osatzeko prozesua bideo batean jaso du artistak, ikus prozesua.
Guztira 15 lan aurkeztu dira kartel lehiaketara, eta horietatik guztietatik aukeratu dute Arrietaren lana. Epaimahaia Ortzi Alonso Kulturako Zinegotziak, Jonan Basterretxea artista plastikoak, Idoia Seijo artista plastikoak, Tzane Carrillo Emeki elkarteko ordezkariak, Julia Lasa ilustratzaileak osatu dute. Gregorio Uriarte, Kultura teknikaria eta Maddi Carton Turismo eta Merkataritza teknikaria, idazkari gisa aritu dira.