Lehia gogorrei aurre egiteko, Marlaxkako izpiritua
Euskadiko eta Gipuzkoako ligetako hirugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Bi berdinketa, garaipen eta porrot bana eskuratu zituzten.
Euskadiko eta Gipuzkoako ligetako hirugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Bi berdinketa, garaipen eta porrot banarekin amaitu zuten. Lehia gogorrak izan dituzte asteburuan, baina Marlaxkako izpirituarekin aurre egin diete. Beren onena emanez ondo pasa eta esperientzietatik ikasi dute xakelariek.
Hondarribia Marlaxka A taldeak Gasteizko Martintxo Xake Taldea jaso zuen etxean. Lehia gogorra izan zen. Izan ere, Marlaxka Xake taldeak esan duenez beren jokalari gogorrenekin aritu ziren. Bi jokaldi irabazi eta bi galdu ondoren, berdinketarekin amaitu zuten. Sailkapen orokorrean 5. postuan kokatu dira. Patxi Moreno, Josu Tornay, German Herrera eta Ander Tafall-ek osatu zuten taldea.
Gipuzkoako ligan Hondarribia Marlaxka B taldeak ere berdinketa lortu zuen. Fomento Cultural talde errenteriarraren aurka lehiatu ziren, egun, Euskadi ligara igotzeko faboritoen artean dagoena. Sailkapen orokorrean hirugarren postura igo dira. Taldea Aritz Tornay-k, Iker Tafall-ek, Jurgi Diaz-ek eta Juan Senen Bruña-k osatu dute.
Hondarribia Marlaxka Ck ezin izan zion denboraldi hasiera bikainari eutsi. Kategoriako liderraren aurka lehiatu ziren, Billabona B taldearen aurka. Hala ere, xake eskolako ikasleen “lan ona” agerian geratu zela esan duten klubetik, elkarteko promesa gazteek parte hartu baitzuten jardunaldi honetan. Une honetan bigarren dira sailkapen orokorrean. Gorka Tafall, Gontzal Jokin Lera, Jon Diaz eta Nora Lera aritu ziren.
Asteburuko garaipen bakarra Hondarribia Marlaxka D taldeak eskuratu zuen. Fiancheto 2029 E taldearen aurka jokatu zuten, Irunen. Taldea Iñigo Ruiz-ek, Telmo Mayo-k, Ricardo Flores-ek eta Maria Angeles Rodriguez-ek osatu zuten.
Gipuzkoako Banakako Jubenil txapelketa
Errenteriako Beraun XTren egoitzan Gipuzkoako Banakako Jubenil txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen. Aritz Tornay-k garaipena eskuratu zuen, Jurgi Diazek, berriz, galdu egin zuen. Hala eta guztiz ere, bigarren eta hirugarren jarraitzen dute behin-behineko sailkapen orokorrean.