Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itunean lanean dabil udala
Sergio Javier udal ordezkariak azaldu du ituna adosteko bilerak egiten dabilela udal alderdi guztiekin. EAJ "pozik" agertu da berriarekin.
Irungo Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko II. Ituna idazten ari direla jakinarazi du gaur Sergio Javier Herritarren Segurtasuneko udal ordezkariak. Orain arte, Cristina Labordaren gidaritzapean zegoen departamentua, baina alkate makila heldu eta udal gobernu berria eratu bitartean, geldirik egon dela azaldu zuen alkateak duela hiru aste.
Bada, Javierrek iragarri du berriro lanean dabiltzala, udalbatzako alderdi politikoekin elkartzen ari dela eta baieztatu du “adostasuna gero eta gertuago” dagoela. Gaineratu du, udal alderdi guztiak hitz egiteko prest daudela eta, behin ituna idatzita, udalbatzan bozkatu beharko dute.
Itun honi esker “errazagoa” izango dela denen artean “segurtasunaren esparruan prebentzio neurri batzuk, jarduteko markoa, esku hartzeko printzipio eta lehentasunak eta lortu beharreko helburuak adostea” dio Javierrek.
EAJ “pozik” agertu da itunean jarduteko deia jaso izanagatik eta itun honek alderdi guztien babesa jasotzea espero dute, “aurreko agintaldian gertatu zen bezala”. Jeltzaleek talka planaren gainean galdetu diote udal ordezkariari eta lehen bilera egiteko deia egin dezala eskatu diote. Ituna berritzea ezin dela “askoz gehiago atzeratu” deitoratu dute ere.