«Tailerraren helburua da emakumeek kudeatzea haien ezinegona»
Emakumeen Etxean psikofarmakoekiko adikzioa duten emakumeek osasun emozionala zaintzen ikasteko tailerra hasiko da otsailaren 9an. Maider Andonegi psikologoak gidatuko du taldea.
Aste honetan aurkeztu dute Emakumeen Etxean psikofarmakoekiko adikzioa duten emakumeei zuzendutako osasun emozionalari buruzko tailerra. Maider Andonegi psikologoak gidatuko ditu hamabi saioak, otsailaren 9tik ekainera bitarte. 2020-2024 aldirako udalaren IV. Adikzio Planaren parte da tailerra, eta 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutakoa da, guztiz doan. Izena emateko 010 edota 943 50 51 52 telefono zenbakietara deitu behar da.
Nori zuzendutako tailerra da?
Psikofarmakoak ohiz kontsumitzen dituzten edo haien adikzioa izateko arriskuan dauden 18 urtetik gorakoentzat da. Psikofarmakoak bai errezetatuta edo errezetatu gabe hartzen dituztenentzat, antidepresiboak, antsiolitikoak… Asko izango dira bideratuak tailerrera Gizarte Zerbitzutatik, eta beste batzuk Emakumeen Etxean zuzenean emango dute izena. Ez dago patologia psikiatriko konkretu bat bertaratzeko, ez da psikoterapia bat. Ez da adikzioa lantzeko, ez eta nahasmendu psikologiko zehatz bat dutenentzat. Egunerokotasunean beraien ezinegona tratatzen ari direnentzat da.
Osasun emozionalean nola eragiten du psikofarmakoekiko adikzioak?
Zure bizitzako dolu edo tristura fase batean egon zaitezke, eta oso erraz asentatzen dira guregan antidepresiboak edo antsiolitikoak . Eman dezake horrekin ja gainditzen duzula fase hori. Badirudi tristurarik ezin dugula bizi, sentitu, ezin diogula dolu horri buelta eman beste modu batera. Askotan patologizatzen dira gauza batzuk, normala denean bizitzako momentu horretan dolua edo tristura sentitzea. Beste gauza bat dira oso enkistatuta dauden doluak, eta agian beharko duzu psikofarmakoa, baina batzuetan ez da beharrezkoa. Egon daitezke beste teknika batzuk edo modu batzuk sentimendu horiek eramateko, eta horietako bat izan daiteke talde bat, espazio bat edukitzea beste emakume batzuekin bizi duzun hori partekatzeko.
Ulertu behar da ere zergatik emakumeak garen psikofarmakoak gehien kontsumitzen ditugunak, horrek zerikusia duelako generoarekin. Horren atzean dagoena ikusi behar da, baita ezinegonaren atzean dagoena ere. Horraino eramaten gaituzten zein zama ditugun begiratu behar da.
Talde bat sortuko duzue Emakumeen Etxean. Nola egingo duzue lanketa?
Espazio bat sortuko dugu emakumeentzat, izan dezaten espazio bat zer gertatzen ari zaien ulertzeko eta partekatzeko. Teknikak landuko dituzte baita ere, esaterako, arnasketa eta erlaxazio teknikak. Helburua da emakumeek kudeatzea haien ezinegona.
Alde batetik, hitza erabiliko da, eta, bestetik, teknika oso konkretuak emango dira. Horretaz guztiaz hitz egiteko konfiantzazko gunea izatea garrantzitsua da. Normalean, horrelako laguntza taldeetan sortu egiten dira beraien arteko harremanak eta sareak. Egia da ere talde hauetara joaten diren emakume asko bakarrik sentitzen direla, babes sozial eta familiar gutxi dutelako, eta talde sare horiek kalean segitzen dute.
Tailerrak psikoterapia gisa balioko du?
Ez, ez da psikoterapia. Hasieratik argitzea gustatzen zaidan zerbait da. Askotan pentsatzen da talde terapia dela, baina beraien arteko sareak sortzea da asmoa, elkar laguntzea norberaren egoera ulertzen, nondik etor daitekeen sentitzen dutena, baina sakondu gabe. Ez gara horretan sartuko, ez da horretarako espazioa. Gero, beraiek beste psikoterapia eramaten badute, bai indibiduala edo bai taldekoa beste leku batean, askoz hobeto. Helburua ez da psikoterapia jasotzea. Badaude arau batzuk taldean sartzeko: konfidentzialtasuna, ez epaitzea, ez konparatzea, eta besteei aholkuak ez ematea. Bestela ez du funtzionatuko. Psiko-heziketa izango da gehiago.
35 eta 55 urteko emakumeak dira batez ere kontsumitzaileak. Zer dago atzean?
Adin tarte horretan hainbat ardura izan ditzakete, adibidez, etxeko lanak, gurasoen edota seme-alaben zaintza, ordaindutako beste lan bat… Oso intentsua izan daitekeen etapa bat izan daiteke faktore horiengatik. Horrek eragina izan dezake adinaren tartea hori izateko.
Ama oso ona izan behar duzu, emazte ona, bikote ona, langile ona… Gure gain agindu oso potentea dugu zaintzaren inguruan. Gure gain hartzen dugu besteen zaintza, eta gure zaintza bigarren edo hirugarren lekuan gelditzen da. Espazio hauek horretarako dira, ni eta nire zaintza noizko? galdetzeko. Espazio honetan denbora bat hartu eta gelditu egiten gara hausnarketarako, eta feminismoaren begiradatik bultzatuko dut hausnarketa hori.