Mendeurreneko Itzulia Irundik aterako da
Itzulia Basque Country lasterketa Irunen hasiko da apirilaren 1ean, Pazko asteko astelehenean: 10 kilometroko hiri erlojupekoa osatuko dute txirrindulariek. Bigarren etapa ere Irundik irtengo da. Goi mailako txirrindularitza Irunen lurreratuko da bi egunez.
Goi mailako txirrindularitza Irunen lurreratuko da. Iazko irailean iragarri bezala, hiriak Itzulia Basque Country lasterketaren 63. ekitaldiaren hasiera jasoko du. Aurtengoa, gainera, ez da nolanahiko ekitaldia izango, mendea pasa baita Itzuliaren lehen edizioaz. Nazioarteko egutegian sona handia duen lasterketa apirilaren 1etik 6ra lehiatuko da, eta lehen bi etapetan, apirilaren 1ean eta 2an, Irungo hiria izango da protagonista.
Gaur, Itzuliko etapa eta ibilbide guztiak aurkeztu dituzte Irungo udaletxean Cristina Laborda alkateak, Borja Olazabal Kirol ordezkariak, Julian Eraso OCETA-ko lehendakariak eta Javier Riaño Itzulia Basque Country-ko zuzendariak. Itzuliak Irun mapan kokatuko du, eta Labordak adierazi du “ohorea” dela hiriarentzat lasterketaren hasiera jasotzea: “Irun txirrindularitza lurraldea da, eta oso albiste ona da gure herrialdeko txirrindularitzaren hitzordu garrantzitsuenetariko bati irteera ematea. Kirol honen zaleak eta hiria zorioneko gaude, lehen mailako kirol ekitaldi batez gozatu ahal izango baitugu, eta horrek garrantzia handia du hiriarentzat”. Lasterketaren etorreraren harira, Labordak aurreratu du Irungo Udala programazio bat osatzen ari dela irundarrek eta bisitariek Itzuliaz “goza” dezaten.
Lehen etapa apirilaren 1ean lehiatuko da, Pazko asteko astelehenean. 10 kilometroko hiri erlojupeko bat izango da, hasiera eta bukaera Irunen izango dituena. Txirrindulariak Luis Marianotik irtengo dira, eta Landetxa auzora joko dute. Bertatik Olaberria auzora joango dira, eta Olaberrian erlojupekoko koska gogorrenari egin beharko diote aurre txirrindulariek, Hirugarren Mailako mendate bat igoko baitute. Mendatean denbora onena egiten duen ziklistak jantziko du mendiko lehen elastikoa. San Martzial aldapa igo ondoren, San Juan plazan bukatuko da ibilbidea, Irungo udaletxearen aurrean.
Lehen etapa hori, gainera, Juanma Garate txirrindulari ohiarekin eta Education First taldeko zuzendariarekin batera diseinatu dute. Garate irundarra da jaiotzez, eta estreinako ibilbidea harekin batera osatu dute antolatzaileek, elkarlanean. Garate aurkezpenean izan da, eta Itzulian ere arituko da Education First taldearekin. Erasok eskerrak eman dizkio eskaini dien laguntzagatik.
Bigarren etapa ere, apirilaren 2koa, Irundik aterako da, eta bertatik Iparraldera joko dute. 160 kilometroko etapa Kanbon bukatuko dela jakinarazi du Riañok. Itzulia Eibarren bukatuko da apirilaren 6an, eta Riañok etapa guztien xehetasunak aurkeztu ditu. Hona hemen gainontzeko etapen profilak:
- 3. etapa, apirilak 3: Ezpeleta – Altsasu, 190km.
- 4. etapa, apirilak 4: Etxarri Aranatz – Legutio, 157km.
- 5. etapa, apirilak 5: Gasteiz – Zornotza, 176km.
- 6. etapa, apirilak 6: Eibar – Eibar, 138km.