Gehiago ez da hobearen sinonimo
Aireportuak inoizko datu onenak bildu zituen 2023an; 482.662 bidaiari. AENArentzat datu positiboak diren arren, bizilagunentzat zein ekologistentzat azpiegiturak ez du ekarpen positiborik egin.
Hondarribian dago Donostiako aireportua, garai batean paduren luzapena zen eremuaren gainean. 1955ean inauguratu zen, eta ordutik, milaka bidaiarik ikusi dituzte Txingudi badiako paisaiak zerutik. Enpresa asko eta askorentzako ohitura bilakatu da urtea hasi ahala bukatu berri den urteko balantzea egitea.
Ohitura horri jarraituz bidali zuen AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak 2023. urteko balantzea: aireportuak inoizko daturik onenak bildu zituen iaz. Guztira, 482.662 bidaiari igaro ziren bertatik, 2022an baino %25,8 gehiago. Datu horiek «zoriontzeko modukoak» zirela adierazi zuen Maurici Lucenak, AENAko lehendakariak. Pandemiari erreferentzia eginez, hegazkin konpainiek ondorio latzak pairatu zituztela esan zuen. Kolpe hori gaindituta, 2023an inoiz baino bidaiari gehiago jaso izana «Espainiako garapen sozial eta ekonomikorako onuragarria» dela gaineratu zuen. Gehiago, askotan, ez delako hobearen sinonimo izaten, datuok aireportuaren inguruan bizi diren bizilagunen iritziekin alderatu nahi izan ditu Hitza-k.
Mendeluko auzo elkarteak Eguzkia eraikinean duen bulegoan bildu da hedabidea Jose Ramon Lorenzorekin. Mendelu Zaharra Auzo elkarteko kidea da, eta aireportua handitzearen aurkako borrokan lehen lerroan aritu zen. Mahai zuriaren inguruan eseri eta kolore horixka duten garai bateko egunkari zatiak, ikerketa txostenak, mapak eta dokumentuak biltzen zituen karpeta morea mahaigaineratu du. Aireportua handitzeko egitasmoa iraganeko gauza den arren, edo hori pentsatu nahi du Lorenzok behintzat, arretaz jarraitzen ditu AENAk plazaratzen dituen datuak.
Aferak iraun zituen hamabost urte luze horietan Mendelu auzoko bizilagunen etorkizuna azpiegitura horri erabat loturik izan zen. Lorenzok errezeloz begiratzen ditu egungo datuak. «Bidaiari kopuruak gora egin du helmuga aukerak handitu direlako, eta jendeak erabiltzen dituelako. Hori jakina da, ezin dugu errealitatearen aurka joan», onartu du. Hala ere, bidaiari gutxiago egotea gustatuko litzaiokeela aitortu du, hegazkinak auzotarren etxeetatik gertu igarotzeak dakarren arriskua oso presente duten zerbait delako. «Hegaldi gehiago egoteak, soinu gehiago dakar, bai, baina baita arrisku gehiago ere. Inoiz ez gara hegazkin batek dakarren arriskuaz ahaztu».
Hegazkinek bi norabide egiten dituzte aireratze zein lurreratze operazioetarako. Bata, Hendaia aldera izaten da –norantza horretan Frantziako eskumeneko zeru-mugak zeharkatzen dituzte–, eta bestea, Amute-Kosta eta Mendelu aldera. Soinuari dagokionez, hegazkinak entzutera ohitu egin direla esan du elkarteko kideak, nahiz eta aurrerapen teknologikoei esker zarataren bolumena nabarmen gutxitu den. «Espainiako Gobernuak hitzarmen bat zuen Frantziako Gobernuarekin hegaldien ordutegiak eta bidaia kopurua mugatzeko, egunean ezin zutelako dezibel kopuru jakin bat gainditu», azaldu du. Aireportuaren itxiera ordua 22:00ak izaten jarraitzen duen arren, hegazkinek zarata gutxiago egiteak hegaldi kopurua handitzea ahalbidetu du.
Lorenzoren iritzi berekoa da Puntala auzoko Itxaso Goikoetxea. Aireportuaren parean bizi da, hegazkinak Hendaia aldera aireratzen diren pista zatiaren aurrean, zehazki. «Askotan, kanpoko jendea etxera etortzen denean aipatzen duen lehenengo gauza zaratarena da. Arazoa da, eta egia da, agian, ikusgarriena dela. Baina nire ustez ez da arazo larriena, nahiz eta presentzia gehien duena izan. Zaratara ohitu egiten zara». Haren ustez aireportuak sortzen dituen arazoak ingurumenarekin eta segurtasunarekin harremana dutenak dira. «Segurtasuna aipatzen dut, aireportua etxebizitzetatik metro gutxitara dagoelako; eta ingurumenari dagokionez, inkoherentzia bat dagoela ukaezina da. Txingudiko badian babestutako gune bat dago, eta aireportua haren gainean eraikita dago. Egungo politiketan, horrelako proiektu bat egitea, testuinguru honetan, pentsaezina izango litzateke, edo hori pentsatzea gustatuko litzaidake», azaldu du. Bidaiari kopurua handitzeari dagokionez, helmugan jarri du arreta Puntaleko bizilagunak: «Hegaldi kopurua eta bidaiari kopurua igo dira, helmuga desberdinak edo anitzagoak jarri dituztelako».
Babestutako eremuan iltzaturik
Hondarribiko aireportua babesgune izendapena duen eremuaren erdian dago, Txingudiko badiaren eta Amute-Kostaren —babes plan berezi baten barruan dago— artean.
Ingurumenaren ikuspegitik, jatorrian padura ziren eremu bat ordezkatzen du aireportuak. Hala, kontatu du Xabier Garate Bidasoaldeko Lagunak-eko kideak. Azken 80 urteetan hezeguneak %60 gutxitu direla, eta habitat potentziala murrizteak «naturgunearen eremu asko modu naturalean birsortzea galarazten» duela zehaztu du. Galdutako ekosistema horiek beste nolabait ordezkatu behar izaten dituzte: «Paduretan modu naturalean berreskuratu ezin diren guneak konpentsatzeko ekintzak dira horiek». Horren adibide da joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak arrano arrantzalea eta txirritxo txikia berreskuratzeko bi errutegi artifizial eta ur gaineko plataforma bat ezarri zituela. «Ondo dago arrano arrantzalearentzako errutegiak jartzea, udaberrian erreproduzitzeko aukera izan dezakeelako. Aurten, gainera, baldintza hobeagotan ezarri dira. Hegazti honen kasuan zaratak ez ditu beldurtzen, baina kumeak izango balitu, horiek hegan egiten hasterakoan ezbeharren bat izan lezakete. Txirritxo txikiaren kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Lehen erreproduzitzeko guneak zituzten, baina egun, landarez betetzen hasi dira. Katuak solte daude ere, eta horiek ekiditeko jarri dira, hain zuzen, ur gaineko plataforma batean».
Animaliei dagokienez, aireportuaren aktibitateak inguruko faunarengan «perturbazio serioak» eragiten dituela adierazi du Garatek. Hegazkinekin izan ditzaketen talka arriskuez gain, fauna kontrolpean izateko zerbitzuak —belatzak erabiltzen dituzte— ere parke naturalera gerturatzen diren hegaztien lasaitasuna arriskuan jartzen duela deritzo talde ekologistako kideak. Hegaldi kopuruak, eta ondorioz, maiztasuna handitzeak ere eragin negatiboak ditu hegazti migratzaileengan. «Lehen 6-8 ordu bazeuden hegaldien artean, hezeguneetan pausatzeko eta indarberritzeko astia izan zezaketen, baina denbora tarte gutxiago badute, lasaitasuna kolokan geratzen da». Hegazkinak aireratzen diren pistak ere hegaztientzako tranpa bihur daitezke. Izan ere, pistaren alde banatan 50 metroko belarguneak daude, eta horiek oso erakargarriak izan daitezke hegaztientzat.
Beste faktore kezkagarri bat kutsadura dela ziurtatu du. Bi motatakoa izan daiteke: akustikoa eta atmosferikoa. Kutsadura akustikoari dagokionez, egiten diren neurketek faunarengan eraginik ez dutela diotela azaldu du Garatek. Baina haren ustez erreaktoreak berotu arte egiten duten zarata zein ondorengo danbatekoak, batez ere Plaiaundiko eremuaren ondoan egiten direnean, fauna oro uxatzeko modukoak dira. Kutsadura atmosferikoa, berriz, gutxiago ikusten da, baina eragina nabarmena dela uste du. Aireratze batek 300 litro keroseno kontsumitzen ditu. «Hau da, sei autoren deposituak behar ditu 20 segundo eskasean kontsumitzen direnak. Airean azkar dispertsatzen da, baina modu errepikakorrean gertatzen da». Hori guztia Plaiaundi Parke Naturalaren metro eskasera gertatzen da: Gipuzkoan dagoen hegaztientzako babes bereziko eremu bakarra da, eta Natura 2000 Sarearen barne dagoenez, kontserbazio berezia behar duen eremua da. Gainera, Ramsar nazioarteko hitzarmenean dago. Alegia, garrantzi handiko hezeguneen parte ere bada.
Aireportuko joan-etorriak
Karpeta morea ireki eta hori kolorekoak izan nahiko luketen oroitzapenak, datuak eta emozioak estalgabetu dira Mendelu Zaharra Auzo elkartean. 2001eko abenduan argitaratu zen lehenengo albistea, eta beraz, Espainiako Gobernuko Mugikortasun Ministerioaren lehen proposamena: aireportua 600 metro handitu nahi zuten. Garai hartan, PP zegoen agintean Espainian.
Aireportuko joan-etorrien muina OACIren –Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundea– neurri batean datza, aireportuek pistaren alde banatan 150 metroko segurtasun eremua izan behar zutela zioen neurri hark. «Pistak 1.754 metro zituen orduan, egun dituen metro berberak. Gertatzen dena da Madrilek esan zuela pista bere horretan txikia zela, eta 300 metro murriztu beharrean 300 metro irabazteko proposamena egin zutela, edozein hegazkin mota Hondarribira heltzeko», argitu du Lorenzok. 600 metro horiek Mendelu auzorantz irabazi nahi zituzten, eta ondorioz, bizilagunak etxerik gabe geratzeko arriskuan geratu ziren. Egoeraz jabetuta, auzotarrak elkartu eta manifestazio garrantzitsu bat egin zuten 2002ko apirilaren 16an. Jendetsua izan zen oso; 3.000 lagun inguru bildu ziren proposamenari aurka egiteko.
Bigarren proposamena 2005ean heldu zen, PSOE estatuaren buru zelarik. Pista 300 metro murriztea proposatu zuten [2016an indarrean sartu zena]. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta Donostiako Udalarentzat aireportua oso garrantzitsua zen. «Enpresentzako eta jendearentzako ezinbesteko zerbitzua zela esan zuten, eta Madrilen proposatutakoari jaramon egin gabe 2006an aireportuko pista 300 metro handitzea proposatu zuten bertako erakunde horiek», gaineratu du. Pista Hendaia aldera luzatzea konplexua zen, baina Amute-Kosta eta Mendelu aldera luzatzeak ere bere arazoak eragiten zituen, besteak beste, Jaitzubia errekaren gainean eraikitzeak ingurumen arazoak sortzen zituelako.
Laugarren proposamena 2009an izan zen. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Mugikortasun Ministerioak pistaren bi aldeak 150 metro luzatzea proposatu zuten. «Honako hau ere ezerezean geratu zen. Noski, bitarte horretan, milaka ika-mika politiko gertatu ziren». Urte horietan zehar, Hondarribiko zein Irungo udalen babesa jaso zuten bizilagunek. Azkenean, 2016an OACIk eskatzen zuen segurtasun neurria betetzeko asmoz, AENAk pistaren alde banatan 150 metro murrizteko erabakia hartu zuen. Ordutik, 1.454 metro neurtzen ditu zuzenguneak. Pista motzagoa izanik ere, hegazkin klase guztiak lurreratu ahal izateko tratamendu berezi bat egin zioten, zimurtsuago bihurtuz.
Auzo elkarteko kideek 2001eko abenduan ezagutu zuten beren bizitzak erabat baldintzatuko zituen albistea. Ordutik, edozein momentuan beren etxebizitzak galtzeko arriskua gertu sentitu dute. Haatik, urte hauetan guztietan ezin izan dute bizilekuetan inbertsiorik egin. Elkartean duten 1984. urteko argazki bat erakutsiz, egun orduko hartan egiten zituzten aldarrikapen berberak dituztela deitoratu du Lorenzok.
Joan den astean iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak aireportua Donostiarekin lotuko duen autobus linea berri bat sortuko dutela. Bidaiariei egokitutako zerbitzua izango da, maletentzako lekua duten ibilgailu bereziekin hornituko dutena. Aldaketa horrek «ibilbide denborak hobetuko» dituela nabarmendu zuen aldundiak. Izan ere, egun, Donostiara zuzenean doan autobusak ematen du zerbitzu hori, E21ak. Aireportuan bidaiariak hartu eta Hondarribiko erdigunerantz egiten du lineak.
Puntala auzoko bizilagun Itxaso Goikoetxeak autobusetan igarri du batez ere garraio azpiegituraren erabiltzaileen kopuruaren igoera, «aireportutik igarotzen den autobusa beteta joaten delako».
Aldundiak beste hainbat aldaketa eta berrikuntza egingo ditu Bidasoko lineatan. Horiek bidasoa.hitza.eus-en irakur daitezke.