[Erreportajea] Hondarribia, turismoak baldintzatutako udalerria
Turismoak Hondarribiaren sorreran eta garapenean izan duen eragina aztertu du Pedro Barrusok haren azken liburuan. Datu xelebreak, gertaera historikoak eta egin edo egin gabe geratu zirenak bildu ditu.
Hiri turistikoa: Turismoan oinarritutako hiri eredu baten sorrera eta garapena. Hondarribia (1793-1968) izenburuko liburua aurkeztu zuen Pedro Barrusok 2023ko abenduaren 26an. Argitaratu zenetik denbora gutxi igaro bada ere, orain artean, harrera ona izan du liburuak.
1793. urtetik, frantziarren aurkako Konbentzio Gerra hasi zen urtetik, 1968. urtera bitarteko pasarteak bildu ditu liburuan; izan ere, egilearen arabera, «urte haietako erabakiek zeharo baldintzatu zuten gaur eguneko Hondarribia». Bost zatitan banatu du Barrosok liburua. 1793-1900 urteen bitartean kokatu du lehen kapitulua. Hondarribiak pairatu zuen krisiaren harira hiri ereduaren aldaketa garaia islatu du hor. 1793tik 1795ra iraun zuen Konbentzio Gerraren ondoren ia guztiz suntsituta geratu zen hiria. «Egun ezagutzen dugun harresia mirariz ezagutzen dugu. Frantsesek harresia suntsitzeko prestatuta zuten dena», azaldu du Barrosok. Ondoren Independentzia Gerra eta karlistadak izan ziren. Liberalek Hondarribia eraso zuten eta guztiz suntsituta geratu zen. «Hiri arrantzalea zen, barku gutxi zituen, eta komunikazio bideetatik baztertuta geratu zen. Gotorleku izaera ere galdu zuen». Orduan, udalak ekonomiari bultzada emateko modu berri bat aurkitu zuen: turismoa.
Gerra eta gero Marbella moduko batean bihurtu nahi izan zuten hiria
Bigarren kapituluak 1925. urte artekoak azaltzen ditu. Udala kontzesioak egiten hasi zen. Kasino bat, zezen plaza bat eta bainu etxeak eraiki zituzten. Inbertsore frantses batek kasino bat eraikitzeko lizentzia lortu eta egun Kasino Zaharra dena eraiki zuen —Artazkoz gaztelua—. «Jokoak jende asko erakarri zuen. Hendaiatik barkuan etortzen ziren asko eta asko».
Garai hartan ere hondartzan bainua hartzen hasi zirela kontatu du Barrusok. «Hondartza oso gauza berria da, leku arriskutsua zen. Jendeak zikinkeriarekin eta itsas hondoraketekin harremantzen du». Donostiako turismoak ere eragina izan zuen hirian. «Donostia oso garestia zenez dirudun jendea Hondarribira etorri eta etxeak eraiki zituzten». Udalak aukera ikusi eta hiria urbanizatzen hasi zen: dike batzuen bidez Puntala auzoa eta Butroi pasealeku inguruan etxeak eraikitzeaz gain, hotelak, jatetxeak eta bestelakoak sortzen joan ziren.
Pertsonaia garrantzitsuak
Hirugarren kapitulua 1925etik 1930ra kokatu du Barrusok, Francisco Sagarzazu alkatearen lehen agintaldian hain zuzen ere. 1928an Sagarzazu eta bere anaia parte ziren Sociedad Progreso elkartea sortu, eta hiri lurrak elkarteari modu irregularrean saldu zizkioten. «Handik aurrera guztiz zuzenak ez ziren gauzak gertatzen hasi ziren». 1930ean Primo de Riveraren diktadura erori zen arte izan zen alkate Sagarzazu.
Laugarren kapituluak Sagarzazuren irteera eta 1936ko Gerraren ondorengoak jasota ditu, eta bosgarrenak, Sagarzazuren itzulera: «1936ko Gerraren gerraostearen ondoren gauzak aldatzen hasi ziren. Hasieran Alde Zaharra goitik behera eraldatu nahi izan zuten. Arma plaza, Carlos V.aren gaztelua, eliza, Kale Nagusia eta ezer gutxi gehiago bere horretan utzi nahi zituzten». Artistentzako hiri bat eraiki nahi zuten, eta «gauza fantasiosoak» egin nahi zituztela kontatu du historialariak. Gerraren ondoren Hondarribia «Marbella moduko batean» bihurtu nahi izan zutela zehaztu du. Ospe handiko jendea, dirudunak, toreatzaileak, idazleak eta gisa horretako pertsonak etortzen hasi ziren. Azkenean plan horiek berriz ere aldatu, eta hiria apaintzeko ahalegina egin zuten.
Sagarzazu ez ezik, Pedro Muguruza arkitektoa eta Jose Luis Diaz Bueno eskultorea ere pertsonai garrantzitsuak izan ziren garai hartan. Muguruza Espainiako Estatuko Arkitekturako zuzendari nagusia izan zen: Erorien harana (Cuelgamuros harana egun) diseinatzeagatik ezaguna izan zenak, Hondarribian ere hainbat lan burutu zituen. «Hiru ziren. Batek pentsatu eta politikoki espekulatzen zuen; besteak, diseinatu; eta azkenak, zizelkatu. Hein batean egungo Hondarribia den bezalakoa izatearen arduradun dira».
Liburua argitaratuta, proiektu berri bat du esku artean. Hondarribia herri aldizkarian argitaratzen dituen kronikak liburu batean bilduko ditu. «Historialariek ezagutzan ekarpena egin dezakegu. Orain, informazio horrekin zer egin den da galdera. Hondarribian asko hausnartu behar dela uste dut».