Txingudiko Zerbitzuak-ek etorkizun jasangarriago baten aldeko konpromisoa berretsi du
Bihar da Ingurumen Hezkuntzaren Mundu eguna. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak zein hezkuntza tailerrak eskaintzen jarraituko duela esan du Txingudiko Zerbitzuak-ek.
Ingurumen Hezkuntzaren Mundu eguna izango da bihar (hilak 26) eta, gaurko egunez, Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) ingurumenarekiko eta hezkuntzarekiko duen konpromisoa berretsi nahi izan du.
1999 urteaz geroztik, Bidasoaldeko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko herritarren eskura dauden baliabideak ezagutarazteko, hainbat informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutu dituzte.
Uraren eta hondakinen kudeaketa egokia egiteko herritarren parte hartzea funtsezkoa izanik, haurtzarotik ohitura iraunkorrak barneratzean jarri dute fokua. Urtero ikastetxeetan hezkuntza tailerrak eskaintzeko ahaleginak egin dituzte, eta aurten 4.500 ikaslek baina gehiagok parte hartu dute uraren erabilerari, hondakinen kudeaketari, kontsumo arduratsuari eta konpostajeari (ZIKA) buruzko tailerretan. Ikasgelatik haratago, Merka2dasoa merkatua, Atalerrekara bisita gidatuak antolatu eta BidasoSOS2023 kanpaina bultzatzen dihardute, 2030erako % 70eko birziklatze-tasa lortzeko helburuarekin.