Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren hitzarmena luzatzea onartu dute
Ez ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuten hitzarmena luzatzeko proposamena. Garoa Lekuona bigarren alkateordearen kargua dedikazio osoz eta dagokion ordainsariarekin izatea onartu zuten ere.
Atzo arratsaldean egin zuten ez ohiko bilkura. Bertan, besteak beste, Garoa Lekuona bigarren alkateordearen kargua dedikazio osoz eta dagokion ordainsariarekin izatea eta Etxez Etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmena luzatzeko proposamenak onartu ziren.
Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko bozekin eta EAJ zein PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen bigarren alkate ordearen kargua dedikazio osoz eta proposatutako ordainsariarekin izatea. Lekuonak bozkaketaren aurretik hartu zuen hitza.
Bi ideia plazaratu nahi izan zituen. Batetik, eskerrak eman zizkion Abotsanitzen Herri Batzarrari EH Bilduri egindako eskaintzarengatik, eta eskerrak eman zizkien ere aldaketaren bozka eman zuten herritarrei zein EH Bildu bozkatu zuten guztiei. Finean, EH Bildu gobernu kide izatea posible egin duten guztiei. Eta bestetik, Jaizkibel Konpainiako kide bezala, “atzera begiratu dut hausnartzeko asmoz, orainean kokatzeko eta etorkizunari begiratzeko”. 2008ko irailaren 8an Jaizkibel Konpainiako kapitain zenean, orduko Alkateordeari, Aitor Kerejetari, Alardearen aferan gatazkari erantzuteko “ausardia eta lidergoa” erabili zitzala eskatu ziola gogoratu du. Orain, gobernu aldaketarekin, tokiko gobernuak “Alardearen auzia ausardiaz eta udalari dagokion lidergoarekin gestionatzeko erabakia” hartu duela jakinarazi zuen. Hortaz gain, aurreko gobernuaren, “EAJ-ren kudeaketa kaxkarraren ondorioz” gatazka pila bat pilatu direla esan zuen, eta gatazka eta arazoei irtenbidea emateko konpromisoa hartzen zuela gaineratu zuen.
Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua
2023an iraungi zen Hondarribiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak finantzatzeko laguntzak emateko sinatuta zuen hitzarmena. Aurten ere, laguntza horiek eskainiko ditu aldundiak. “2022. urtean adibidez zerbitzu guztiaren %25a kubritu ahal izan genuen. Horregatik, uste dut garrantzitsua dela luzapenari onarpena ematea” esan zuen Josu Peñak bilkuran. Proposamena aho batez onartu zen.
2024an Etxez etxeko zerbitzuaren esleipen berria egingo dute eta Udal Gobernu Taldeak zerbitzuaren inguruko hausnarketa bat egiteko baliatuko du unea, “zaintza erdigunean jarriz Etxez etxeko Laguntzaren Zerbitzu egoki bat emateko”.