Oiasso museoak pandemia aurreko zifrak gainditu ditu
Museoak 32.388 bisitari jaso zituen iaz eta "erreferentziazko proposamenengatik" izan dela azaldu dute. Orain, museoa Oiassoko zeramikari buruzko bilduma bat irekitzera doaz.
Oiasso museoaren 2023ko datuen balantzea egin dute eta hantxe izan dira Nuria Alzaga Kultura ordezkaria, eta Juanjo Jimenez eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendari eta koordinatzaileak.
Pandemia aurreko datuak gainditu zituen iaz museoak 32.388 bisitarirekin, eta, beraz, “zifra historikoak” dira Alzagak esan bezala. Iazko zifrari erreparatuta 28.825 bisitari jaso zituen erromatar museoak, eta 2019ko zifra 32.021 bisitariena izan zen.
Gipuzkoatik bertaratzen dira gehienak (%65) eta gainontzekoak Herrialde Katalanetatik eta Espainiako Estatutik joaten dira, esaterako, Madril, Katalunia, Aragoi edota Gaztela eta Leon.
Ospatzeko moduko albistea dela adierazi dute hiru ordezkariek eta arrakastaren gakoa urteko programazioan dagoela. “Kalitatezko proposamen ugari egiten dira urte osoan, eta, horren ondorioz, mota guztietako ikusleekin konektatzea lortzen dute” .
Museo iraunkorrak 8.339 bisitari izan zituen, eta aldi baterako erakusketek 7.749. Ikusiena Bidasoko Atlas Emozionala izan zen 3.228 bisitarekin; jarraian, Pvro Teatro erakusketa 2.446 erabiltzailerekin, eta hirugarren ikusiena Gipuzkoako Emakume Arkeologoak 2.075 bisitarirekin.
Erakusketez haratago, museoak erreferentziazko beste proposamen batzuk ere egin dituela gogoratu dute eta bisitari kopuruaren igoeraren arrazoi gisa jo dute. Esaterako, Dies Oiassonis jaialdi erromatarrak 5.278 pertsona elkartu zituen edota Irugurutzetarako ibilbidea 676 bisitarirekin. Ama Xantalen ermitaren irekiera berria ere aintzat hartzekoa da, museoak bisita gidatuak antolatzen baititu eta horietara 4.370 joan dira.
Ficab izan da datuetan beherakada izan duena, ez oso nabarmena ordezkarien hitzetan. Museoaren erreferentziazko proposamena izaten segitzen duela diote, Dies Oiassonisekin batera.
2024ari begira “oso emaitza positiboak” espero dituzte, kontuan hartu behar baita termak ikusgai egongo direla eta hori “museoaren eta hiriaren erakargarrienetako bat” izango dela.
Gordailua Oiasson, bilduma berria
Agerraldia, museoak erakusgai jarriko duen Gordailua Oiasson bilduma aurkezteko baliatu dute. Zeramikari buruzkoa izango da eta Oiasso hiri zaharraren gainean aurkitutakoak dira pieza batzuk, baita Porcelanas Bidasoaren ontzi bat ere. Ekainaren bukaera arte egongo da bertan.