Basakon 247 etxebizitza libre eraikitzea "zentzugabekeria" dela esan du PSE-EEk
Hondarribiko sozialistek zalantzan jarri dute etxebizitza libre horiek hiriari edo etxebizitza politikei egingo lioketen ekarpena.
Basako eremuan 247 etxebizitza libre eraikitzeko proposamena jasotzen du HAPOk. Eraikin horiek eraikitzeak “hiriaren paisaiari eta irudiari kalte konponezina” eragingo liokeela adierazi du Hondarribiko PSE-EEk ohar batean. Izan ere, Higer bidetik lurmuturrerantz doan bidean dago Basako eremua eta hondartzatik ikus daiteke.
Udalerriaren irudiari eragiteaz gain, beste hainbat eragozpen erantsi dizkiote sozialistek. Batetik, erdigunetik urrun dagoen eremua dela esan dute, eta beraz, ibilgailu pribatuaren “joan-etorriak” eragingo lituzkeela. Bestetik, zuzkidurarik gabeko etxebizitzak izango direla.
Zentzu horretan, zalantzan jarri dute etxebizitza horiek hiriari edo etxebizitza politikei egingo lioketen ekarpena: “Espekulazio jardunaren adibide ezin hobea da, hiri-bilbetik urrun dagoena, etxebizitza babesturik ez duena, hiri inpaktu larria duena, energia eraginkortasunaren ikuspegitik jasangarria eta hondagarria ez dena”.
Sozialisten aburuz Basako eremua deskalifikatu eta paisaia eta nekazaritza babesteko erabilerari eutsi beharko litzaiteke, eta gainera, Tudelenea eta Etxanikenea eremuetan aurreikusitako 247 etxebizitzen aurreikuspena egitea eskatu dute.