'A Tempo'-ren VII. astea aurkeztu dute
Urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra bitarte egingo da. Musika eskolako ikasleek ez ezik herritarrek ere parte hartu ahal izango dute.
Atzo goizean aurkeztu zuten VII. A Tempo astea. Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak, udaleko kultura sailarekin lankidetzan, antolatzen duen eskaintza kulturala da.
Aurtengo ediziorako Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak proposatruko eskaintza “aberatsa eta erabat erakargarria” dela esan zuen Ortzi Alonso zinegotziak. Besteak beste, hausnarketarako tartea, emakume sortzaileen presentzia, emozioen lanketa eta sormena sustatuko dituen hamaika jardurera bildu dituzte aste bakar batean.
Margolana enkargatzea izaten da ‘A Tempo’-ren lehen urratsa. Iker Sanchez izan da aurtengo kartelaren egilea. Musikaria da Sanchez, eta musikari bezala, Musika eta Dantza Eskolak egingo dituzten jarduerekin halako konexio bat duela azaldu zuen. “Musika eskola askok ez dute dantzaren esparrua, eta, horregatik, dantzan jarri nahi izan dut fokua”. Jai giroa, festa eta mugimendua dira kartelean ikus daitezkeen elementu nagusiak. Margolana osatzeko ohiko teknikak erabili dituela kontatu du; pintura akrilikoak, oleo barrak eta erotulagailuak erabili zituen.
Hilaren 29tik otsailaren 3ra “ilusio handiz” prestatu diztuzten hamaika jarduera eskainiko dituzte. Hala azaldu zuen Esther Barandiaranek, Musika Eskolako Zuzendari pedagogikoak. ‘A Tempo’-ren helburua haztea, ikastea, kuriositatea eta motibazioa lantzea da. Aldi berean, jardunaldiek eskola ulertzeko duten modua islatzen dutela adierazi du zuzendariak: “Guretzat eskolak ez dira atetik sartzea eta eguneroko klasea jasotzea, baizik eta beste momentu batean, gelditzea eta beste arlo batzuetan erreparatzea”. Horregatik, aste batez bada ere eskolako saioak gelditu egingo dira jarduera berezi hauetan parte hartu ahal izateko.
Eskolako ikasleei zuzenduriko saioez gain, herritar orok parte hartzeko saio irekiak prestatu dituzte ere. Emakume sortzaileak zikloaren baitan antolatu dituzten Idoia Azurmendi abeslariarekin edo Marina Beheretche biolin jotzailearekin egingo diren solasaldietan edonork parte hartu dezake.
Asteari amaiera emateko, otsailaren 3an emanaldi orokor bat egingo dute Portuko Elizan goizeko 11:00etan.
Jarduerak
- Lorategi Magikoa: Itxasne Fernandez pedagogoak eta musikariak saio berezia eskainiko du Musika Heziketa Goiztiarra taldeko haurrentzat. Lorategi magiko batean topa daitezkeen soinu, animali eta beste hainbat gauzetara hurbilketa egingo dute.
- Loreen tailerra: Julia Telletxeak 4, 5 eta 6 urteko ikasleei zuzenduriko tailerra eskainiko du. Loreak eta landareak erabiliz sorturiko lanak ondoren egingo den ‘solasali musikalean’ egongo dira ikusteke.
- Txontxongiloen orkestra: Ainara Galarzak, Jaime Atristanek eta Arantza Lasak Musika Hizkuntzako 1 eta 2 mailako ikasleei zuzenduriko saioa eskainiko dute. Txontxongilo bat sortu eta ondoren erritmoa zein koordinazioa landuko dituzte koreografia baten bidez. Otsailaren 3an emanaldia eskainiko dute.
- Chillida Leku Museoara bisita: Musika Hizkuntzako 3 eta 4. mailako ikasleek izango dute museoa bisitatzeko aukera.
- EsZena hiru pausotan: Froga taldeko zein Kultura ikasgaiko 1 eta 2 mailako ikasleei zuzenduriko tailerra izango da. Gaizka Sarasolaren, Esther Barandiaranen eta Ibon Huarteren eskutik, eszenatokira igotzerakoan, edota proba bat aurkeztu behar dutenean sentitzen dutenaz hitz egiteko tailerra landuko dute.
- Idoia Azurmendirekin solasaldia: ‘Emakue sortzaileak’ zikloaren baitan antolaturiko solasaldia da. ‘Ilun eta Abar’ diskoaren xehetasunak partekatuko ditu abeslariak. Musika Tresnako 3. mailako ikasleek zein ikasle helduek parte hartuko dute. Saio irekia izango da.
- Gorpuztutako ipuinak: Euskal Dantzako ikasle txikienei zuzenduriko saioa da. Myriam Cazabon dantzariak eskainiko du. Inprobisazio eta jolas gidatuen bidez dantza garaikidera gerturatuko dira ikasleak.
- NUNAVUT: Sorkuntza prozesuko saioa jasoko dute eskolako gainontzeko ikasleek. Proposamen eszeniko ezberdinak uztartuko ditu saioak.
- Masterclass txikia: Marina Beheretche biolin jotzailearen eskutik, Biolina gelako ikasleek jasoko dute masterclass-a. Ondoren, ‘Emakue sortzaileak’ zikloaren baitan solasaldia egongo da. Saio irekia izango da.
- Grabaketa: Ikasle helduenek Oiartzungo Mecca Recording Studio grabaketa estudioa bisitatuko dute. Haien lanak grabatzeko aukera izango dute.
- Kalejira: Inauterietako kalejirari begira istrumentistentzat entsegu orokor bat egingo dute. Aurtengo gaia animaliak dira.