Autobus zerbitzua EAJren ardura ere badela esan du Abotsanitzek
Abotsanitzek gogorarazi du jeltzaleak direla Gipuzkoako Foru Aldundiko buru. Adierazpenetan "ardura eta zintzotasuna" eskatu diote Hondarribiko EAJri.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako autobus zerbitzu berrien harira mintzatu zen joan den astean Hondarribiko EAJ. Gaurko egunez, autobus zerbitzu horiek EAJren ardura ere badirela adierazi du Abotsanitzek.
Oarso Bidasoko udalek aldundiarekin izan zuten bileran ez zuten bertan aurkeztutako proiektuari ekarpenak egiteko aukerarik izan. Haatik, “alderdi guztiek amankomunean zer edo zer egiteko asmotan” bilera bat egin zutela azaldu du Abotsanitzek. Bileraren hurrengo egunean egin zuen publiko Hondarribiko EAJ-k gaiarekiko iritzia.
Oharrean “linea batzuk hobetzea, beste batuk okertzearen kontura” ez zela zerbitzua hobetzea adierazi zuten jeltzaleek. Adierazpen horien harira, Abotsanitzek gogorarazi du jeltzaleak direla Gipuzkoako Foru Aldundiko buru, eta hain zuzen, batzarrean neurri horien aldeko bozka eman zutela, “Hondarribian bizi diren batzuk horren parte zirelarik”. Hala, adierazpenetan “ardura eta zintzotasuna” eskatu diote EAJri, eta gaineratu dute “herritarrak nahasteko helburuarekin egindako deklarazioak” izan direla.
Abotsanitzen iritzia
196,5milioi euroko kostua izango du proiektuak eta hemendik hilabete batzuetara lizitatuko dute. Une horretarik aurrera sartuko dira indarrean aldundiak iragarritako aldaketak: Ospitale eremuarekin lotura izango duen autobus linea berria; erdigunera sartu gabe aireportua Donostiarekin zuzenean lotuko duen zerbitzua; Hondarribia eta Irun lotzen dituen autobus linean maiztasun murrizketa; eta Donostiarako zuzeneko autobusen maiztasunaren murrizketa.
“Kezka eta harriduraz” jaso zuen Abotsanitzek aldundiaren erabakia. Izan ere, “ez dugu ez guk ez udalak proiektuan ekarpenak egiteko aukerarik izan, dena lotuta ekarri dute, beste behin. Gure ustez, gaur egun, garraio publikoak ez ditu herritarren beharrak asetzen. Haratago joango gara, esanaz Hondarribiko herritarrak garela lehen kaltetuak”.
Alde batetik, bi autobus linea berriak, Hondarribia Ospitalearekin lotuko duena eta aireportua Donostiarekin, positibotzat jo daitezkeela esan dute, baina badaudela “hobekuntza gisa saldu” eta hondarribiarrentzat “okerrera” egingo duten zerbitzuak ere. Hala nola E25 eta E21-aren maiztasun murrizketak.