Aste honetan egingo dira Etxera egunak
Euskal presoen etorkizuna Espainiako salbuespeneko auzitegien esku egotea salatuko dute aste honetako ekintza ezberdinekin. Etxera egun nagusia larunbatean den arren, hilaren 25 eta 26an ere kalera irtengo dira.
Aste honetan Etxera egunak egingo dituzte Bidasoan Sarek deituta. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideetan eta bizikidetza eraikitzen “aurrera” egiten ari direla diote, baina “ez nahi bezain azkar” deitoratu dutenez.
Azken bi urtetako aurrera pausoen errepasoa egin eta oroitu dute 2022 urte bukaeran ia hogei euskal preso zeudela oraindik Espainiako espetxetan eta hamahiru Frantziakoetan. Ordu hartan sakabanaketaren azken egunak sumatzen zirela gogoratu dute.
Atzera begira segitu, eta 2021ean ia egun preso zeudela oraindik Espainiako espetxeetan eta 20 baino gehiago Frantziakoetan. “Gauzak aldatu dira. Hobera. Dudarik ez. Gaur egun, dakizuenez, preso ia guztiak, Hego Euskal Herriko espetxeetan daude”.
Eskualdean dauden preso politikoen egoera mahai gaineratu dute. Iratxe Sorzabal Diaz, Fermin Vila Mitxelena eta Aitor Olaizola Baseta Zaballako espetxean daude, eta azken honetan kondenaren hiru laurdenak bete ditu aurten. Bestalde, Francisco Jose Ramada Estebez ‘Bera’ baldintzapeko askatasun egoeran dago, “zorionez”.
Dena den, Espainiako salbuespeneko auzitegi batek hartzen dituela “erabaki arbitrarioak” euskal presoen etorkizunari buruzkoak salatu dute eta hori Euskal Herriaren egungo errealitatetik urrun dagoela dio Sarek. “Etxerako bidea blokeatzeko asmoz, iragan denbora batean zaharkitutako erabakiak errepikatzen tematuta dabiltza”.
2024k erabakigarria behar duela izan uste dute, preso, errefuxiatu eta iheslariei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak behin betiko bertan behera uzteko eta haien eskubideak errespetatzea lortzeko.
Hartara, ezinbestekotzat jo dute euskal preso politikoek pairatzen duten “egoera bidegabea” salatzeko ekintza ezberdinak egitea. Bide horretan, aste honetan eskualdean egingo diren ekintzetan parte hartzera dei egin dute.
Egitaraua
- Hilak 25, osteguna: Joseba Azkarregiren hitzaldia, Palmera Monteron, 18:30ean.
- Hilak 26, ostirala: Elkarretaratzeak.
- Irunen, Zabaltza plazan, 20:00etan.
- Hondarribian, San Pedro kalean, 19:30ean.
- Hilak 27, larunbata: Etxera Egun nagusia.
- Elkarretaratzea Almudena Grandes plazatxoan, 13:00ean, eta, ondoren, triki poteoan.
- Bazkaria Irungo Mendizaleak elkartean, 14:30ean