Korrika Egunak arrastoa utzi du Katea auzoan
Martxoaren 14an aterako da korrika Irungo San Juan plazatik. Egun handiaren aurretik Kateako Korrika eguna antolatu dute.
Martxoaren 14an aterako da Korrika Irungo San Juan plazatik. Euskararen aldeko ekimena Katea auzotik igaroko ez den arren, Korrika Egunak arrastoa utzi du gaur auzoan.
Altxorraren bila jokoarekin eman diote hasiera egunari. 12:00etan Kateako pilotalekuan izan dira 10 eta 15 urte bitarteko haurrak. Segidan, 12:45an, trikipotea egin dute Auntxa eskolako trikitilariekin. Pilotalekutik abiatu eta tabernaz taberna auzoko kaleak girotu dituzte.
Bazkalordurako bertso bazkari musikatua antolatu dute Irunabarreko kideek. Larrea janariaken eskutik honako menua dastatu dute: Kalabaza krema; Lumagorri oilasko hegalak arrozarekin edo, menu beganoa aukeratu duenak, ajoarriero beganoa arrozarekin; eta postrerako txokolate brownie beganoa eta kafea.
Bazkaria borobiltzeko, postrearekin batera aritu dira bertsotan Irunabar Bertsoaren Bilguneko Aitor Errazkin, Adrian Arruti, Manu Goiogana eta Abel Zabala. Gotzon Aizpiolea izan da gai jartzailea. Bazkaria girotu duten musikariak, berriz, Iban Clemente, Rafa Rodrigo, Maddi Sanz eta Beñat Elosegi izan dira.
Goxo bazkaldu ondoren, kantu jira batekin amaituko dute eguna, Elatzeta elkartean, 19:30ean.