Hondarribiko baserriak ikusarazteko babarrun txapelketa
Zumardikoak elkarteak Hondarribiko I. Babarrun Txapelketa antolatu du. Otsailaren 4an Damarri plazan egingo dute hitzordua Hondarribiko baserriek elkarte gastronomikoekin.
Zumardikoak elkartea kulturari, historiari eta gastronomiari loturiko lagunartea da. 1989an sortu eta ordutik, hainbat lehiaketa gastronomiko antolatu dituzte, bakailao eta marmitako txapelketak, esaterako. Aurten, baina, lehiaketa gastronomiko berri bat antolatzeari ekin diote, Hondarribiko baserrietara hurbiltzeko helburuarekin. «Beti pentsatu izan dugu Hondarribia itsas herri arrantzalea izan dela, eta hala da. Baina ezin dugu ahaztu baserri herri bat ere dela. Garai batean ziur nago arrantzale adina baserritar zeudela», azaldu du Iñaki Gezala Zumardikoak elkarteko kideak. Hondarribiko baserriekin «nolabaiteko lotura» faltan sumatzen dutela nabarmendu du sukaldariak, eta horregatik sortu dute txapelketa.
Lehiaketaren osagai nagusia, beraz protagonista, babarruna izango da. Hondarribiko elkarte gastronomikoek 11 baserriren babarrunak kozinatu beharko dituzte: Errandazar, Mikelenea, Gornutz, Lujunea, Agirrenea, Botika, Tudelanea, Zigarronea, Legia, Batillerrenea (Patxilenia) eta Arzu-koak, hurrenez hurren. Lekale hori kontsumitzeko garai aproposa izateaz gain, babarrunek, Hondarribian zein Euskal Herriko kultur gastronomikoan garrantzi handia izan dutela kontatu du Gezalak. «Produktu berri bat izan arren —1600. urtean Amerikatik etorri zen— oso ondo egokitu zen hona, eta Hondarribiko baserrietako babarrunek identitate propioa izan dute beti». Baserri bakoitzak hazi propioa du, urtero-urtero beren baratzeetan landatzen dutena. Lehiaketaren egunean babarrun gordinak plater banatan jarri eta haien arteko ezberdintasunak antzemateko aukera izango da.
Otsailaren 4an Damarri plazan egingo dute hitzordua elkarte gastronomikoek Hondarribiko baserriekin. Elkarte bakoitzak lapiko bat eraman beharko du, gainontzeko osagarri guztiak Zumardikoak elkarteko kideek banatuko dituzte. Olioa, gatza, babarrunak eta tipula, besterik ez dute izango. Osagai horiek ardatz hartuta guztiek errezeta bera jarraitu beharko dute: Juan Jose Lapitzen errezeta baten moldaketa. Jose Ramon Mutuberriak, elkarteko lehendakariak, argi utzi nahi izan du ez dela baserrien arteko babarrun lehiaketa bat izango: «Baserriek babarrunak jarriko dituzte, eta gero elkarteek kozinatuko dituzte. Hor egongo da lehiaketa, ez babarrunetan». Gakoa produktua errespetatzean egongo dela uste du Gezalak.
Epaimahaikideak izango dira herrikoak izango ez diren bakarrak. Sukaldari ezagun bat, baserri munduko pertsona bat, eta Kofradia Gastronomiko Federazioko bi kide izango dira elaborazioak aztertuko dituztenak. Ondoren elkarte eta baserri bakoitzeko bi kidek Batzokian bazkaltzeko aukera izango dute.
Hitzaldia
Txapelketaren aurreko ostegunean banatuko dizkiete elkarte guztiei zozketa bidez egokituko zaizkien lekaleak. Egun horretarako hitzaldi bat antolatu dute aldi berean. Solasaldia nork emango duen zehazteke duten arren, babarrunen ingurukoa izango dela aurreratu dute: «Babarrunaren ongarriak, zergatik dugun babarrun mota hau hemen…». Xehetasunak, aurrerago.