TAO egoiliar txartelaren urteko kuotaren igoera salatu du Elkarrekinek
33,60 euroko urteko kuotak %43ko igoera izan duela zehaztu du koalizio moreak. Hala, irundarrek 48 euro ordaindu beharko dituzte aurrerantzean.
Elkarrekin Irunek eremu arautuetan aparkatzeko egoiliar txartelaren urteko kuotaren igoera salatu du. Koalizio moreak gogorarazi du urteko kuota hori hainbat urtez 33,60 euroan izoztua egon ondoren, aurten Elkarrekinen ezezkoarekin %43ko igoera onartu dela. Hala, irundarrek 48 euro ordaindu beharko dituzte aurrerantzean egoiliar txartela izateagatik.
Koalizioak adierazi du TAO txartelarena ez dela izan 2024ko tasen eta zergen igoera bakarra; izan ere, kiroldegietako kuota %18an igo da, eta tasen eta zergen igoera orokorra %5ekoa izan da.
Aparkalekuen aferari dagokionez, “negozioa” egitea helburu dutela nabarmendu du Thania Pazos Elkarrekin Iruneko bozeramaile ordezkoak: “Beste behin ere, Irungo aparkalekuarekin negozioa egitea helburu duen enpresa handi batek azpikontratatutako zerbitzu publiko baten prezioa igo egin da. Kiroldegiekin ikusi genuen, TAOarekin ikusten ari gara eta udalak eskaintzen dituen gainerako zerbitzu publikoekin ikusiko dugu. Zerbitzu publikoak kudeatzeko eredu honek ez du funtzionatzen”.
Irungo koalizio moreak zehaztu du tasak eta zergak “izoztearen aldeko apustua” egin zutela, baina proposamen hori ez zen aurrera atera. Hori dela eta, zerbitzu berdinengatik irundarrek “are gehiago” ordaindu beharko dutela esan dute. Honakoa ondorioztatu du Pazosek TAOaren urteko kuotaren igoeraren inguruan: “Igoera horrek gehien duenari eta ez duenari eragiten dio, Irunen dagoen aparkalekuaren arazo larria konpontzen ez duen arren”.